2006/12/01

> Iritzia: Gara > HIESAREN EGUNA EDO BORROKA AMAIGABEA

  • Hiesaren Eguna edo borroka amaigabea
  • Gara, 2006-12-01 # Editoriala

Urtean egun bakar bat ez dirudi gehiegi normalean larriak eta iraupen luzekoak diren hainbat fenomeno gizartera agertzeko, hurrengo egunean ahanztura ilunenean gelditzen badira. Hala gertatzen da maiz egun horiek ofizial egin eta munduko gobernuen zabarkeria zuritzeko baino balio ez dutenean. Gaur, Hiesaren Mundu Eguna, gogoratzeko eguna da, baina ez dela egun bateko arazoa gogoratzeko eta oihukatzeko eguna da. Badira 25 urte AEBetan lehen hies kasuak agertu zirela. Orduan ezagutarazi zuten gaixotasun hori, garai hartan gehienetan hilgarria, maila guztietan gizarte hipokrisia agerian utziko zuena.


Gizarte osoa ukitzen zuen eta duen gaixotasuna eta, beraz, gizarte osoaren ardura behar zukeena, zenbait «arrisku talderena» balitz bezala ikusarazi zuten. Estatuen administrazioen informazio eskasaren eraginez eta, beraz, ezjakintasunaren ondorioz, bazterkeria eta errefus itzela zabaldu zen, baina ez gaixotasunaren kontra, gaixoen kontra baizik, kalean, lan munduan, eskoletan... Izan ere, hainbat umeren bazterkeria eta mespretxu ikaragarriak ikusi ziren; berdin «arrisku taldeetako» lagunenak, kolektibo osoak kriminalizatzeraino, batez ere homosexualak eta drogazaleak... Jarrera lotsagarri asko ikusi izan dira, eta aipatzekoa da zoritxarrean etekina bilatzen dutenena, esate baterako, multinazionalek generikoen kontra egitea, bizia salgai jarriz.


Gaixotasun ezezagun haren aurrean zenbait herritarren borroka ­betiere administrazioen aurretik­ izan zen gaur egungo egoerara iristea ahalbidetu eta pentsaera aldaketa lortu zuena. Zenbait gizarte mugimenduren ekimenak, hala nola, preserbatiboak banatzea edo xiringak trukatzea, gerora ohikoak eta erakundeek bultzatuak izango ziren, eta bidezkoa da borroka horretan homosexualen erakundeak, besteak beste, nabarmentzea.


Gaur egun, Mendebaldean kasu berri asko agertu ez eta hiesa gaixotasun ia kronikotzat har daitekeenean, mundu osoan kontrolpean edo minimo batean eutsita dagoela ematen du. Hala behar luke izan, baina horrelako dramen bilakaera ere interes ekonomikoak erabakitzen duenez, errealitatea oso bestelakoa da: munduan berrogei milioi lagun daude GIB/hiesak kutsatuta, Hirugarren Mundua delakoan tratamendu egokirik hartu gabe. Urtero hiru milioi hiltzen dira. Eta munduko estatuak, orain arte ahal baino gutxiago egin badute ere, ez dira beren konpromisoak betetzeko gauza. Hiesa, mundu zibilizatuaren hipokrisia agerian jarri duen arazo handia.

No comments: