2006/12/05

> Berria: Gay-Hotsa > HIESAREN AURKAKO HOTSA

  • Hiesaren aurkako hotsa
  • Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak (EHGAM) aldizkaria kaleratzen hasi da berriz; 'Gay-Hotsa' izena du
  • Oarsoaldeko HITZA, 2006-12-05 # Iñaki Berrio

Kalean da berriz ere Gay-Hotsa aldizkaria. 58. zenbakia kaleratu du Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak (EHGAM), tarte luze batez argitaratu gabe izan eta gero. 1977an hasi ziren aldizkaria argitaratzen, baina 1996tik hona aldizkariak ez du argia ikusi berriz ere. Indarberrituta argitaratzen hasi dira eta martxa hartuta datoz. Gainera, datorren zenbakia berezia izango da errenteriarrentzat. Xanti Vicente Altxu herriko EHGAMeko militante ezagunari omen egingo baitiote aldizkari monografiko batean.

Baina, kalean dagoena 58. zenbakia da. 25 urte hiesaren aurka, estigmaren aurka du izenburua. «Azken 25 urteetan zehar hiesari buruz bildutako informazioa biltzen saiatu gara», azaldu dio Oarsoaldeko Hitzari Julen Zabala aldizkariko arduradunak.Aldizkaria Udal liburutegian, Kapitan Etxean edo Mikelazulo Kultur Elkartean eskura daiteke. Eta aitzakia gutxi dago, alea doan ematen baitute. Gainera EHGAMeko egoitzan ere eskura daiteke.

Sarean ere bai
Aldizkaria paperean eskuratu nahi ez duenak badu ordenadoreko panatailan edukiak aztertzeko aukera aparta www.ehgam.org helbidean sartuta. Hiesaren inguruko informazioa, gay mugimenduko informazioa eta beste topa daiteke. Gay-Hotsa aldizkaria jartzen duen tokian klik eginez gero azken alea topa daiteke, eta gainera, ondoan zero zenbakia topa daiteke. 1977ko azaroan argitaratutakoa..

Eta bide batez, Madelon, agur eta ohore jartzen duen tokian klik eginez gero, Altxuren hainbat argazki eta bere heriotzaren ondoren hari buruz idatzitako hainbat artikulu irakur daitezke. Altxuren lagunek idatzitako iritziak eta baita EHGAMeko militanteari egindako agurrak ere.

No comments: