- Imanol Alvarez (EHGAM): "Gehienak armairu barruan dagoz oraindino"
- Bizkaie!, 64. zbk., 2004-07-22 # Koldo Isusi Zuazo
- ESTEKA
EHGAM, Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua azken urteotan mugarik bako sexualidadearen alde eta gay, lesbiana eta transexualen eskubideen aldeko burrukan dabilen alkartea da eta bide horretan aurrera pausuak izan diran arren, gauza asko dagoz egiteko. Bagilaren 28a gay eta lesbianen nazinoarteko eguna, aldarrikapenetarako eguna be bada eta atxaki honegaz gaia jorratzea erabagi dogu.
EHGAM alkartearen sortzaileetakoa izan zan Imanol Alvarez eta orduko eta gaurko egoerearen ganeko analisia egingo dogu bere laguntzinoagaz.
1. Gay, lesbiana eta transexualakazko jarreratan, orain 25-30 urteko euskal gizarteak ez eukan zerikusirik gaurkoagaz. Zelan gogoratzen dozuz orduko egoerea eta EHGAM abiarazoteko prozesua?
Kontuan hartu Franco hil barria zala eta hori lagungarria izan zan guretzako ze sasoi haretan gizartean sekulako gogoa egoan zeozer egiteko, aldaketarako eta dana hankaz gora ipinteko gogoa. Dana dala, orduko gizartea, besteak beste oso matxistea zan, erlijinoagaz oso lotuta egoan eta nik benetan gatx ikusten neban gay mobimentua sortzea. Azkenean, pentsetan nebana baino errezagoa izan zan EHGAM abiarazotea, momentuko korronteak eroan gintuan eta 76ko amaieran egin genduan jentaurreko aurkezpena.
Dana dala, gaur egun oraindino tabua dala kontuan hartuta, atara kontuak orain 30 bat urte; homosexualidadeaz ez zan berbarik be egiten eta oso diskriminatzaileak ziran legeak egozan indarrean, bat aitatzearren: Gizarte-Arriskutasun Legea; horren arabera, homosexualidadea zigortuta egoan.
2. Gizartearen matxismoaren eta jokera sexual zehatzen kontrako jarreratan aurrera egiteko zerenbesteko garrantzia dauka edukazinoak?
Askatasunaren aldeko edukazinoa ezinbestekoa da. Gure kanpainatan sarri esan dogu edukazinoa dala bidea eta barriro dinotsut legeak inportanteak dirala baina horreek baino inportanteagoa dala gizartea bera, ze jentegaz bizi gara. Tolerantzia berbea be ondo dago baina beste zapalketa modu bat izan daiteke, ondokoari lepoaren gainetik begiratzen deutsagunean eta norberarena zuzena eta inorena okerra dala pentsetan dogunean. Tolerantzia bai baina errespetuan eta gizartearen aniztasunean oinarrituz, era horretako edukazinoa da behar doguna, azken baten, gizartea askotarikoa dalako. Aniztasun hori eskola liburuetan be aldatzen joan behar ze gaur egun aita, ama seme-alabak eredua ez da bakarra; Eustaten inkesta baten arabera, EAEn familien % 60 ez dira familia tradizionalak, monoparentalak, bi ama edo bi aitak osotutakoak baino. Irakasleak eurak be ez dagoz preparauta egoera barrian behar egiteko.
3. EHGAM alkartea ideologia jakin batekoa dala entzun da sarri. Zeintzuk dira alkartearen berezitasunak eta desbardintasunak beste gay talde batzuekaz?
Bai, etiketa asko jarri izan deuskue eta gehien entzun dana HBkoak garala; Jakina, EHGAMak bere ideologia dauka eta euki behar dau ganera; sexu-jokera homosexualeko lagunak biltzea, gure eskubideen alde eta diskriminazinoaren kontra egitea eta gizartea aldatzea dira gure egitekoak eta ez, ostera, makrame ikastaroak antolatzea, egin geinkez holakoak baina hori ez da helburua. Beraz, badago bai zeozelako ideologia, danon arteko biltzarretan erabagitakoa: ezkertiarrak gara termino politiko arruntetan esanda eta Euskal Herrikoak; sorreran erabagi genduan Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua izatea, izenaren berba bakotxari bere esangurea emonaz. Edozelan be, guk ez deutsagu inoiz inori itaundu nori emoten deutson botoa, emoten badeutso be. Alderdi askotako militanteak dagoz gure artean.
Alkarteen arteko desbardintasunei jagokenez, danok daukaguz amankomuneko gauzak; eskubideen defentsan, jokera sexualengaitiko diskriminazinoaren kontra eta homofobiaren kontra berbarako bat gatoz; hortik aurrera, batzuk ez dabe besterik planteetan, eta gizartean lekutxua eukitea nahikoa da eurentzat; guk, barriz, gizarte libreago bat gura dogu, hau utopia izan daiteken arren.
4. Azken urteotan aurrera pausuak izan dira baina atzera pausuak be bai, batez be, politiko batzuen jarrera eta erabagiengaitik.
Gai zehatz honetan, gizartea oso astiro aldatzen da baina nire ustez beti doa aurrera. Alkartearen 27 urteotan gizartea eta legeak aurrera joan dira beti sexualidadearen aniztasunaren onarpen prozesuari jagokonean; legeak gizartearen atzetik datozela esaten da askotan eta kasu honetan bai baina ez esango neuke; Nafarroan berbarako pasau izan da parlamentuak Bikoteen Legea onartzea eta UPNk, barriz, inpugnazinoa aurkeztea; ez ahaztu, gitxiengo horrek gehiengoa eukala Madrilen. Arazoa hor dago, gitxiengo egoera horretan geratzen diranak gero eta gogorrago jokatzen dabela baita eleizeak be, burrukea galduta ikusten dabelako zeozelan. Beste arlo batzuetan segurutik ez baina gai honetan Madrilen sozialistak gobernuan egotea positiboa izango dalakoan nago.
5. Besteak beste, Zigor Kodean homofobia delitutzat hartzea eta Egitatezko Bikoteen Legea aurrera pausuak izan dira. Momentu honetan zeintzuk dira erronkak?
Lege aldetik oso gauza gitxi falta dira aldatzeko, besteak beste, Atzerritartasunaren Legea; hori bai, Kode Zibila Madrilen aldatu behar da ze hor aldatzen ez dan bitartean lehen aitatutako kontraesanak, inpugnazinoak eta era horretakoak etorriko dira. Inportanteena ez da legea aldatzea gizartearen inplikazinoa eta onarpena gero eta handiagoa izatea baino. Gaur egun, inkesten arabera, euskal gizartearen % 99k onartzen dau homosexualak edozein persona lakoak dirala; horreetatik batzuk guzurra esango dabe, jakina, holan pentsau ez arren, politikoki zuzena dalako. Errealidadea, barriz, gordinagoa da ze aldaketak ez jakuz gustetan edo kosta egiten jaku aldatzea; egun batetik bestera eta urte batzuetan be ezinezkoa da persona bat homofobo izatetik edozein sexualidade onartzera pasetea. Egoerea ez dago normalduta gizartean.
6. Ezkontza zibila ez eze, ezkontza erlijiosoa be eskatzen dabe gay eta lesbiana katolikuek...
Bai, sano errespetugarria da eskabide hori gure artean gehienak laikoak izanda, ezkontza zibilaren alde egiten badogu be. EHGAMak ez dau sekula hartu-emon onik izan erlijinoagaz eta gitxiago Eleiza katolikuagaz. Alkartearen barruan oso katoliku gitxi egon dira eta ez dakit orain dagozan ala ez. Eleizeak gai honetaz erabilten dituan berbak mingarriak izaten dira eta gu erantzuten ahalegintzen gara; igaz, bigarren aldiz Eleizeari (Hego Euskal Herriko lau gotzaiei) emon geuntson Trapuzko Abarketa Saria eta aurten, Eleizea barriro hautagaien artean egon bada be, PP eta UPNri emotea erabagi dogu euren jarreragaitik.
Gobernu desbardinei eskatu izan deutsegu legea aplikauta Eleiza katolikua eta beste eleiza batzuk legez kanpo ixteko ze etenik barik diskriminazinoaren apologia egiten dabe. Hori bai, ez dot ukatuko Eleizeak mesede be egin deutsola gizarteari, berbarako kultura arloan.
7. Homosexualei adopzinoa ukatzeko espeziearen ugalketea eragoztea da gizartearen zati handi baten atxakietako bat.
Gizaki guztion sexualidadea askotarikoa da. Berez, ez dago homosexualik eta heterosexualik, danok gara sexualak. Orduan, bizitzaren gorabeherek eroango gaitue alde batera edo bestera edo bietara. Maila teorikoan eta potentzialki, beraz, personea ez da homosexuala edo heterosexuala, gero praktikan bakotxak aukeratu egiten dau. Gauzak holan, bardintasun mailan pluraltasun hori onartu egin behar dala pentsetan dogu harritu eta harrotu barik, normaltasunik handienagaz. Hori holan balitz tontakeria izango litzateke ugalketea eragotziko litzatekela esatea; ugalketea ez da eragotziko; kontuan hartu historian zehar eta gaur egun be kultura batzuetan homosexualidadea txarto ikusita egon arren, beste batzuetan, barriz, ondo ikusita egon dala eta dagoala eta halan da be espeziea ez da amaitu. Askatasuna eta errespetua dira berba magikoak. Ganera, nik ez deutsat nire buruari inoiz atea zarratu eta ez daukat horretarako asmorik be, nik badakit zer egin dodan baina ez dakit bihar-etzi zer egingo dodan.
Adopzinoen harian, lubakietan geratzen diran banaka batzuei atxaki gitxi geratzen jakez homosexualidadearen kontra egiteko eta umeak jentearen minberatasuna pizteko tresna legez erabilten dabez, besteak beste, gizon bi edo emakume biren eskubideak ondo dagozala baina umeen eskubidek lehentasuna euki behar dabela esanaz. Arrazonamendu tranpa da hori Mayor Orejak esango leuken moduan ze adopzinoetan, jakina, umeak dira kontuan hartu beharrekoak eta umeek maitasuna, giro egokia da behar dabena eta, kasu askotan, bikote homosexuala egokiagoa izan daiteke umearentzat.
8. Sexu-hartu-emonen bidez transmitidutako gatxak aztertu dabez egunotan EHUko udako ikastaroetan eta hor zabaldutako datuen arabera, Estaduan GIB, Giza Inmunoeskasiaren Birusa daben 30.000 lagunek ez dakie birusa daukienik be. Kutsatutakoen % 2 drogazaleak dira, kutsaketen % 20 homosexualen arteko sexu-hartu-emonetan izan dira eta % 55 heterosexualen artekoetan. Zelan baloretan dozuz datuak?
Datu horrek nahikoa fidagarriak dirala esango neuke ze errealidadea islatzen dabe. Hiesa sortu zanean, zehatzago izenik be ez eukanean, jenteak marikoien kontua zala esaten eban eta gay-en minbizia edo bizien arrosa zala zabaldu zan; gay mobimentuen kontrako jarrerea ugaldu egin zan eta Eleiza katolikuak be egoera hori erabili eban gure kontra egiteko eta hasieran birusak mundu horretan gehien jo arren, gero egoerea goitik behera aldatu da.
Bestetik, horrenbeste lagunek birusa daukienik be ez jakitea arazo handia da ze holakoetan nekezago hartzen dira prebentzino neurriak.
9. Oraintsu izentautako Arartekoak, Iñigo Lamarkak salatu izan dau orain gitxira arte emakumeen kontra egin dauan legez, Eleizea homosexualen kontra dagoala eta Aita Santua Ararteko txarra izango litzatekela...
Bat nator Lamarka jn.agaz. Eleizearen kontra gauza asko esan deutsudaz eta hortxe itxiko dogu ze, hasi ezkero papel asko bete beharko zeunkez.
10. Iñigo Lamarka, Gehitu, EAEko Gay eta Lesbianen alkarteko buru ohiaren jokera sexuala kontuan hartuta, Ararteko kargua hartzea positiboa izango ete da gay, lesbiana eta transexualentzat?
Bai. Iñigo Lamarkaren proposamena bera oso positiboa izan da ze horrek esan gura dau bide onetik joan garala; orain urte batzuk pentsaezina zan EAJk holako hautagaia aurkeztea eta orain, ganera, adostasun maila handiagaz izentau dabe. Era anonimoan beti egon badira be, oraintsura arte, kargu publiko batean pentsaezina zan agiriko gay edo lesbiana bat egotea eta, beraz, positiboa izan da. Ganera, Arartekoaren beharra Iñigo Lamarkak ondo beteko dauala pentsetan dot, besteak beste, erakundeetan eta gizarte mobimentuetan esperientzia daukalako eta abokatua dalako.
11. 'Armairutik urtetea' moda-modan dago eta komunikabideetan be jokera homosexualeko aurkezleak ugaldu dira. Hau guztia, positiboa ala kaltegarria ete da?
'Anitzak gara, visibilidad para todos y todas' gure leloetako bat da eta hor mezu bi dagoz: aniztasuna eta ikusgarritasuna. Aniztasunaren kontua behar bezela azaldu dogu lehenago eta ikusgarritasunarena be argi dago, izan be, ikusten ez dana ez dala existitzen pentsetan dogu; beraz, gizartea kontzientziatzeko eta onarpenerako pausuak emon dagiazan ohituratzen joatea oinarrizkoa da, gizarteak ikusi egin behar dau modu naturalean telebistako serietan, kalean edo behar lekuetan era guztietako sexu-jokerak dagozala. Esangura horretan, armairutik urtetearena eta, kasu batzuetan gehiegikerietan jauzi badira be, komunikabideetako histrionikoen ugalketea positiboa dala esango neuke ze gehienak armairu barruan dagoz oraindino.
No comments:
Post a Comment