2009/05/30

> Elkarrizketa: Javier Ugarte > "FRANKISMOA BIZI IZAN ZUTEN HOMOSEXUALEI EZ ZAIE AITORTU JASAN ZUTEN JAZARPENA"


  • Javier Ugarte - Filosofoa: «Frankismoa bizi izan zuten homosexualei ez zaie aitortu jasan zuten jazarpena»
  • Una discriminación universal: homosexualidad bajo el franquismo y la transición' liburua idatzi du Javier Ugarte filosofoak. Urte haietan homosexualek beren sexualitatea nola bizi zuten azaldu du Ugartek.
  • Berria, 2009-05-30 # Ainara Arratibel · Donostia

Frankismoaren jazarpena» jasan ostean, «zailak eta luzeak» izan ziren trantsizioko urteak homosexualentzat, Javier Ugarte filosofo eta Oviedoko Unibertsitateko irakaslearen hitzetan. «Atxilotuak eta kartzelatuak izaten jarraitu zuten, 1979 arte». Egun urratsak egin diren arren, homofobiaren aurkako politika «eraginkorragoak» behar direla uste du, eta garai hartako homosexualei jasan zuten «jazarpena» aitortu behar zaiela.


Zer islatu nahi duzu liburuan?
Inork erantzun ez didan zalantza bat argitu nahi izan dut hainbat alorretako profesionalen bidez: zein baldintzatan bizi eta eraiki behar zuen bere sexualitatea homosexuala sentitzen zen pertsona batek urte haietan.


Nola egiten zuen?
Harrigarria bada ere, kasu askotan ezkonduz egiten zuten. Erregimenak, Elizarekin bat eginda, heterosexualitatea ezarri zuen bizitzeko modu gisa. Gizonek emakumeekin ezkondu eta seme-alabak izatea nahi zuen, 1936ko gerrako galera ekonomiko eta demografikoak berreskuratzeko. Hori kontuan hartuta, eta frankismoaren errepresioa ez jasateko, homosexual asko ezkondu eta seme-alabak izan zituzten. Nahiz eta homosexualen aurkako sarekada batean harrapatu, Polizia eta epaileak ez ziren horren 'gogorrak' haiekin. Beraz, oso egoera gogor eta zailetan bada ere, beren homosexualitatea bizitzen jarraitzeko aukera zuten. Ezkondu gabe zeuden homosexualekin, ordea, ez zuten gupidarik izaten, eta kartzelatu egiten zituzten.


Kartzelako bizimodua gogorra izango zen, ezta?
Oso gogorra, benetako infernua bizitzen zuten.


Eta lesbianekin zer gertatzen zen?
Emakumeen sexualitatea ukatu egiten zen, eta erregimenak erotzat hartzen zituen lesbianak. Hori dela eta, kartzelatu beharrean, ospitale psikiatrikoetan sartzen zituzten.


Eta trantsizioa nolakoa izan zen?
Luzea eta zaila. Izan ere, trantsizioa luzeagoa izan zen homosexualentzat. 1979ko urtarrilera arte indarrean egon zen Gizarte Arriskugarritasun Legea. Beraz, trantsizioaren lehen urteak gogorrak izan ziren homosexualentzat, atxilotu eta zigortu egiten baitzituzten. Hori ez zen gertatzen frankismoaren errepresioa jasan zuten beste hainbat biktimekin. Adibidez, pentsa ezina zen alderdi sozialistako edo komunistako kide bat atxilotua izatea, zituen ideia politikoengatik.


Memoria Historikoaren Legearen bidez 1936ko gerrako eta frankismoko biktimek jasandako jazarpena onartu eta aitortu nahi izan da. Garai haiek bizi izan zituzten homosexual askok, ordea, eurei ez zaiela aitortu diote. Horrela dela uste duzu?
Bai. Frankismoa bizi izan zuten homosexualei ez zaie jasan zuten jazarpena aitortu. Hala, duela aste batzuk jaso du Espainiako Gobernuaren kalte-ordaina homosexuala izateagatik frankismoaren jazarpena jasan zuen lehen biktimak. Kalte-ordaina 4.000 eurokoa izan da. Jasan zuten jazarpena kontuan hartuta, kalte-ordaina iraingarria da, oso txikia .


Nola aitortu eta onartu dakieke jasan zuten jazarpen hori?
Nik uste ematen zaien kalte-ordain ekonomikoa handiagoa izan beharko litzatekeela. Baina, zoritxarrez, uste dut horrek ez duela atzera bueltarik izango, eta hor utziko dutela. Bestalde, ideia politikoengatik jazarpena jasan zutenekin egin den antzera, omendu egin beharko lirateke. Gainera, gehiago ikertu beharko litzateke bizi izan zutenaz. Izan ere, alor horretan lanean ari garenok ez dugu inork gehiago hori bizitzerik nahi. Ezinbestekoa da homofobiaren aurkako politika argiagoak eta eraginkorragoak egotea. Gizarte osoak egin behar du homofobiaren aurka, oraindik ere aurreiritzi asko baitaude.


Zure liburua aipatu duzun omenaldi horietako bat al da?
Neurri batean bai. Jendeak homosexualek garai hartan bizi izandako infernua jakitea nahi izan dut. Izan ere, historiaren alorrean bada oso esaldi on bat: beren historia ezagutzen ez duten herriak hura errepikatzera kondenatuak daude. Zorionez, kasu honetan ez da hala izango. Baina ezinbestekoa da jendeak hura jakitea.


Gaur egun, nola uler daiteke hainbat jendek homosexualitatearen inguruan duen jarrera atzerakoia?
Ezin da ulertu. Alor horretan, kezkagarria eta salagarria iruditzen zait Eliza katolikoa bezalako erakunde batek homosexualitatearen inguruan erakutsitako jarrera oldarkor eta atzerakoia.

2009/05/17

> Berria: Maiatzak 17 > FRANKISMOAK ZAPALDUTAKO "BESTEAK" GOGOAN, DURANGON

  • Frankismoak zapaldutako «besteak» gogoan, Durangon
  • Francoren diktaduran sexu joeraren ondorioz hildakoen omenezko eskultura jarri du EHGAMek
  • Berria, 2009-05-17 # Maite Asensio • Durango
Frankismoaren garaiko beste biktimak. Haien sexu joeraren ondorioz laidoztatuak, baztertuak, espetxeratuak, torturatuak, hilak; ondoren, ahaztuak, ikusezin bihurtuak. Francisco Francoren diktaduran zapaldutako lesbiana, gay, transexual eta bisexualen omenez, Kantu isila izeneko oroitarria inauguratu zuen atzo Durangon (Bizkaia) EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak.

Milaka izan ziren frankismoaren garaian «beren duintasunaren alde» borrokatu ziren emakumeak eta gizonak, Imanol Alvarez EHGAMeko kideak azaldu duenez. «Era guztietako irainak eta zapalkuntzak jasan zituzten, bakarrik beraiek hautatutako pertsonak maitatu eta haiekin larrua jo nahi izateagatik». Emakume eta gizon haiek gogoan izateko, Koldobika Jauregik egindako eskultura jarri dute Landako gunearen ondoan. Kantu isila da artelanaren izena, baina Jon Maiaren bertso bat bertan grabatu ostean, isiltasunari hitzak jarriko dizkiote.

Frankismoaren «beste» biktimak dira, hain zuzen, «bestelakoak» izateagatik jazarri zietelako. «Bene-benetan ahaztuak, gehienak anonimoak, baina gure aitortza merezi dutenak», gaineratu du Imanol Alvarezek. Izan ere, frankismoaren biktimen artean, lesbiana, gay, transexual eta bisexualak izan dira isilduenak. Hala onartu du Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideak : «Tristea da, baina esan egin behar da: frankismoak ez ezik, frankismoaren aurka borrokatu zirenek ere zapaldu zituzten gay eta lesbianak. Garai hartako ezkerreko errepresaliatu politikoen artean ere jokabide homofoboak egon ziren».

Baina justiziari begira, oroitarriaren atzean «izen-abizen zehatzak» daudela esan du Alvarezek, eta hildakoak omentzea egoki jo arren, ekintzetara igarotzeko beharra nabarmendu du, «zoritxarrez, izen-abizen horiek jardunean jarraitzen dutelako egun». Elizak ere lesbiana, gay, transexual eta bisexualen inguruan izandako jarrerari buruz hausnartu beharko lukeela gaineratu du Ahaztuak 1936-77 elkarteko kideak. Horregatik, hain justu, Durangoko Andra Maria elizaren aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo.

76ko azaroko egun batean
Durango hautatu du EHGAMek oroitarria jartzeko, besteak beste, bertan sortu zelako elkartea. «1976ko azaroko egun batean, Antonio Quintanak eta biok topo egin genuen hemen» , azaldu du Imanol Alvarezek, EHGAMeko sortzaileetako bat izandakoak. «Bertan hasi ginen berbetan, Europako beste leku askotan bezala, Euskal Herrian ere gay mugimendua antolatzeaz. Beste inork egiten ez bazuen, guk egin behar genuela zioen Antoniok. Ni nahiko eszeptikoa nintzen, baina haren gogoa ikusita, ezin izan nion ezetz esan».

Ordutik, aurrerapausoak eman dira, baina oraindik herrialde batzuetan sexu joeragatik pertsonei jazartzen dietela eta hil egiten dituztela gogorarazi du Gema Zabaletak, Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak. Gurean ere «homofobia ekintzak» daudela eta «berdintasunaren alde borrokatzea beharrezkoa» dela gaineratu du, frankismoaren biktimek isuritako odola ez zelako alferrik izan: «Memoria eta justizia ekitaldia da hau, ez ahaztera konprometitzen gaituena».

2009/05/14

> Berria: Maiatzak 17 > ARABA: 7menos20 ETA EHGAM ELKARTEEK ALDAKETAREN ERAGILE IZAN NAHI DUTE

  • LGTB elkarteek aldaketaren eragile izan nahi dute
  • Homofobia, lesbofobia eta transfobiaren aurkako eguna dela-eta heterozentrismoarekin bukatzeko eskatu dute
  • Berria, 2009-05-14 # Jon Rejado • Gasteiz
Lesbianen, homosexualen, transexualen eta bisexualen elkarteek azpimarratu dute gizarte berri bat sortzeko eragile izan behar dutela homofobiaren kontrako borrokan. 7menos20 eta EHGAM Araba elkarteek adierazi dute helburu horren alde egin behar dutela mugimendu sozialekin, sindikalekin eta pentsaera politiko guztiekin lan eginez. Dei hori egin dute maiatzaren 17an egingo den homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren kontrako egunaren atarian.

Egungo sistema heterozentrista dela nabarmendu dute elkarteek, eta homofobiaren arazoa sortzen duela kritikatu dute heterosexualitatea ardatz duen sistema den neurrian. Lesbianek, homosexualek, transexualeek eta bisexualek sufritzen dituzte beldur eta aurreiritzi horiek, eta hori oinarritzat hartuta, sufritzen dutenek izan behar dute aldaketa eragileak.

Ideia hori aldarrikatuko dute maiatzaren 17an egingo diren ekimenetan. Aldarrikapen horrez gain Eliza Katolikoaren jarrera salatuko dute. Celestino Migliori Vatikanoko ordezkariak Nazio Batuen Erakundean egindako adierazpenak gogora ekarri dituzte, homosexualitatea ez despenalizatzeko eskatu zuen.

Hainbat ekimen
Maiatzaren 17a dela-eta hainbat ekimen antolatu dira Euskal Herrian. Maiatzaren 16an eskultura baten inaugurazioa egingo da, eta elkarretaratze nazionala deitu dute 18:30ean. Maiatzaren 17an bertan, manifestazioa egingo da Gasteizen, eta 12:30ean aterako da Babesgabetuen Andre Mari Zuriaren plazatik. Horrez gain Transfobia, lesbofobia eta homofobiaren aurpegiakerakusketa gaurtik aurrera ikusgai egongo da Gasteizko Hikaateneon.

2009/05/13

> Manifestua: Ekainak 6 > GEURE GORPUTZA, GEURE ERABAKIA

  • MANIFESTUA: GEURE GORPUTZA, GEURE ERABAKIA
  • Ekainaren 6an. Abortatzeko eskuidearen aldeko manifesta-zioa. Bilbon
  • Euskal Herrian, 2009ko Maiatza
  • Aske eta doan abortatzeko eskubidea.
  • Haurdunaldien Borondatezko Etenaldiak (HBE) osasun sare publikoan.
  • Abortatzen duten emakumeentzat erabateko bermeak osasunari eta arlo juridikoari dagokionez. Baita interbentzioa egiten duten osasun langileentzat ere.
  • Abortua eskubide gisa finkatzea.
  • Antisorgailuen doako eskuragarritasun unibertsala emakume ororentzat, osasun baldintza egokietan.
  • Hezkuntza sexuala eremu guztietan. Emakumeek beren amatasuna libreki eta borondatez erabaki dezaten, baita sexualitatea bizitzeko beren modua ere, gozagarria izan dadin eta ez inposaketen bidez ezarria.

Hauek dira eta izan dira, urte askoan, emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideen inguruan mugimendu feministak egindako aldarrikapenak.

Baina aldi berean, erreakzio kontserbadoreek -Eliza katolikoaren eta eskubiko indar politikoen eskutik- gure eremuaren jabe egin nahi duten garaiotan, beren eskubideak gauzatu nahi dituzten emakumeei amaigabeko oztopoak jartzen zaizkie, eta bereziki abortu eskubidea oztopatu eta zigortzen da.

Izan ere, abortatu ahal izateko balizko egoerek Kode Penalaren barnean jarraitzen dute. Hainbat oztopo eta mugen bidez, emakumeok epaileen, tribunalen edota medikuen aurrera eramaten gaituzte; azkenean, beraiek dira emakumeen gorputzari buruzko erabakia hartzen dutenak. Ez da bermatzen abortua doan eta osasun sare publikoan gauzatzeko aukera. Arautu gabeko kontzientzia eragozpena dela eta, medikurik atzerakoienek, ospitaleak beren intolerantziaren erlijio-kapera bihurtu nahi dituzte, eta hauetan emakumeen erabakitzeko eskubidearen aurka, “moral” faltsua inposatzen dute. Eskubide hau gauzatzearen alde dauden osasun langileak etengabe jazartzen dituzte. Ikastetxe erlijiosoetan, zentzugabeko superstizioak eta zientziaz kanpokoak diren hainbat sinesmen irakasten zaizkie gazteei, honela beren gorputzaz eta sexualitateaz libreki eta askatasunez erabakiak hartzen dituzten emakumeak errudun sentiaraziz eta epaituz.

Beste behin, orain eta betiko: geu erditzen gara, geuk erabakiko dugu. Abortua Kode Penaletik kanpo nahi dugu. Ez dadila sar Eliza gure bizitzetan.

  • EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA: 7MENOS20, ABORTOAREN ALDEKO NAFARROAKO ASANBLADA, ALTSASUKO FEMINISTAK, AMALATZ TALDE FEMINISTA, ANDERE BIDATZ, ARABAKO EMAKUMEON ASANBLADA, ARGITAN, ATARRABIKO EMAKUMEEN ASANBLADA, HANGO ETA HEMENGO EMAKUMEAK, BASAURIKO EMAKUMEON TALDEA, EMAKUMEAK ANIZTASUNEAN, BIZKAIKO EMAKUMEEN ASANBLADA, EMAKUME INTERNAZIONALISTAK, ERMUKO EMAKUMEEN ASANBLADA, EUSKAL HERRIKO BILGUNE FEMINISTA, FORUM FEMINISTA MARIA DE MAEZTU, HAGIN, HANKAZ GORA, IDUNA, LANBROA, LIZARRAKO KOORDINADORA FEMINISTA, MEDEAK, PLAZANDREOK, SORGINAK, TXANTREAKO EMAKUMEEN ASANBLADA, UXU ONDARRUKO EMAKUMEEN TALDEA.

2009/05/05

> Berria: Zinema > MAITASUN BERANTIARRAK

  • Maitasun berantiarrak
  • 'Axun eta Maite' filmatzen hasiko dira Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, bi emakume adinduren arteko maitasun istorio. Donostiako Zinemaldira iritsi ezean, 2010eko udaberrian estreinatuko dute
  • Berria, 2009-05-05 # Xabier Martin • Pasai San Pedro
Ander filmean homosexualitatea Euskal Herriko landa gunean kokatu zuen orain gutxi Roberto Castonek; bada, Jose Mari Goenaga (Ordizia, Gipuzkoa, 1976) eta Jon Garaño (Astigarraga, Gipuzkoa, 1974) datorren astelehenean filmatzen hasiko diren euskarazko filmak ere (Axun eta Maite) zinemak ohiz kanpokoa duen esparru batera eramango du homosexualitatea, bi emakume adinduren arteko harremanetan jorratuko baitu. Dena den, Goenagak film biak desberdindu nahi ditu ezeren aurretik: «Ez genuke nahi jendea bi filmak alderatzen hastea. Izan ere, Ander askoz ere modu argiagoan dago kokatuta gai horretan. Gureak ukitzen du homosexualitatea, baina Axun eta Maite adiskidetasunari buruzko istorioa da batez ere». Zizurkilgo Irola baserrian hasiko dira filmatzen. Gero, Asteasun, Donostiako Santa Klara uhartean eta Gipuzkoako beste hainbat lekutan ariko dira, sei astez. Ekainaren 20rako bukatu nahi dute filmatzea. «Zinemaldian estreinatu nahiko genuke, baina filmatzea martxotik maiatzera atzeratu denez, larri ibiliko gara garaiz bukatzeko. Iritsiko ez bagina, 2010eko udaberri aldera estreinatuko genuke seguruenik», dio Jon Garañok.

Tercero B eta Sintonia film laburren ondoren, Lucio zuzendu du Goenagak, azken hori Aitor Arregirekin batera. Garaño, berriz, Dragon House eta Sahara Marathon dokumentalen egilea da. Bata zein bestea Axun eta Maite-ren produkzio aurreko lanetan aritu dira azken hilabeteetan, buru-belarri, Moriarti ekoiztetxeak Pasai San Pedron duen egoitzan. Pasarte guztiak nola filmatuko dituzten ere aldez aurretik erabaki dute, «inprobisazioari leku gutxi utzita». Jon Garañok izango du azken hitza filmaren arlo teknikoari dagokionez. Aktoreen zuzendaritzan, berriz, Jose Mari Goenaga izango da arduradun nagusia.

Izenburuarekin bueltaka
Moriarti eta Irusoin ekoiztetxeen ekoizpen berria Axun eta Maite izenburuarekin hedatu dute, baina izen hori ez da behin betikoa. «Maite eta Axun, Maitaxun eta Pasodoblia ere bururatu zaizkigu», diote. Litekeena da azkenean filmaren izenburua Pasodoblia izatea. Haren alde egiten dute egileek. «Filmean protagonistek pasodobleak dantzatzen dituzte, eta horren haritik pentsatu dugu agian izenburua aldatuko dugula».

Izenburuak izenburu, Garaño eta Goenagaren filma giro dramatikoan garatuko da, komediaren ukituekin. «Giro positiboa izango du, hala ere», bota du azkar Goenagak. «Tragikomedia bat izango dela esan daiteke», gaineratu du Garañok. «Gure bizipenak oinarri hartuta idatzi dugu istorioa, baita inguruko pertsonei gertatutakoak ikusita ere». Erreferentziaz hitz egiten hasita, David Leanen Brief Encounter (1945) aipatu dute, baita Clint Eastwooden The Bridges of Madison County (1995) ere. Debekatutako maitasunak dituzte oinarri egileek aipatutako filmek; beraz, ezinezko maitasunetik ere izango du zerbait Axun eta Maite-k.

Aizpuru eta Pagoaga
Garaño eta Goenagaren filmaren ardatz nagusietako bat Axun eta Maite pertsonaien rolak jokatuko dituzten aktoreen interpretazioa izango da. Itziar Aizpuru izango da Axun, eta Mariasun Pagoaga Maite. Aizpuruk badu eskarmentua telebistan; ETBko Martin telesaileko Marikororena egiten, esaterako. Pagoaga, ordea, ez da aritu sekula ez telebistan ez zineman ere. «Arrasateko Doke antzerki taldean aritzen da. Asko gustatu zitzaigun Maiteren rolerako», dio Goenagak. Jose Ramon Argoitia, Patricia Lopez, Ane Gabarain eta Zorion Egileor ere aktore taldean izango dira.

Bestalde, musika bereziki zaindu nahi dute. Pascal Gaigne konposatzen ari da filmeko musika. «Maite musika eskolako irakasle denez, musika klasikoak -Txaikovskik, esaterako- berezko lekua izango du». Musika klasikoko hainbat konposizio egokituz ari da Gaigne filmeko musika prestatzen.

Axun eta Maite-k milioi bat euro inguruko aurrekontua izango du. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, ETBk eta Espainiako ICAAk jarri dute dirua.

Ospitale bateko gelaren iluntasunean loratutako musuak
Bi emakume edadeturen arteko maitasun harremanak hauspotzen du Axun eta Maite-ren gidoia. Jon Garañok idatzi zuen jatorrizko testua, eta gero Jose Mari Goenaga ere proiektuan sartu zen, bere ekarpenak eginez. Axun eta Maite 70 urtetik gorako emakumeak dira; oso giro desberdinetan bizi izan dira. Axun baserri giroko emakumea da. Hurbileko pertsona bat gaixotu egingo da, eta hura zaintzen emango ditu egunak Donostiako ospitale batean. Erietxeko gelan ezagutuko du Maite; anaia zaintzen ari da hura. Maite lesbiana da, betidanik izan du garbi bere jarrera sexuala. Axunek, berriz, sentsazio berriak ezagutuko ditu Maiterekin hasi berri duen adiskidetasun harremanak aurrera egin ahala.

2009/04/30

> Iritzia: M. Carmen Ribeiro Rey > KOKTERAINO GAUDE! SISTEMA EKONOMIKO SOZIALA ETA FEMINISTA NAHI DUGU!

  • Kokoteraino gaude! Sistema ekonomiko soziala eta feminista nahi dugu!
  • Noticias de Gipuzkoa, 2009-04-30 # María del Carmen Ribeiro Rey . Berdintasunaren Aldeko Donostiako Emakumeen Kontseilua izenean
Gure gizartean emakume eta gizonen artean dagoen desberdintasuna lanaren banaketa sexualean oinarrituta dago. Lanaren banaketa hori etengabe agertu eta agertzen da gizarte eta kultura guztietan, denboran eta espazioan nabarmen aldatu daitekeen arren.

Lanaren banaketa horren arabera, gizarteak sexuaren araberako zereginak, jokabideak, aurreikuspenak, rolak eta jarduera zein mugikortasunerako espazioak esleitzen ditu. Sailkapen horren ondorioz, gizonek eta emakumeek egiten dutenaren garrantzia hierarkizatu egiten denez, balio soziala ematen zaio gizonek egindakoari, eta eskubideak nahiz herritartasuna ukatzen zaizkie emakumeei.

Era berean, lanaren banaketa sexualaren ondorioz, gizarte-harremanetarako bi arlo banatu eta bereizi egiten dira: esparru publikoa, hau da, lan-merkatuaren eta ondasun-ekoizpenaren esparrua. Bertan, honako irizpide hauek dira nagusi: arrazionaltasun ekonomikoa, trukea, eraginkortasuna eta errentagarritasuna. Esparru publikoan, erabaki sozio-politikoak hartzen dira, eta onespen zein botere soziala lortzen da. Gizonen berezko esparrutzat hartzen denez, gizonen ohiko esparrua omen da.

Ugalketa-lana, ordea, emakumeek egindakoa da, batez ere, eta familia-esparru pribatuan ondasunen nahiz zerbitzuen arloan agertzen diren premiei aurre egitea du helburu. Lan horretan, honelako eginkizunak garatzen dira: etxearen kudeaketa, antolaketa eta artapena, gizarteratzeko prozesua, hezkuntza, afektuak eta zainketak.

Emakumeoi ematen dizkiguten eginkizun horiek oso naturalizatuta daude oraindik, askok eta askok emakumeak izateagatik etxeko lanetarako "dohaina" dugula eta jakite nahiz trebetasun horiek berez ditugula uste dutelako oraindik. Beraz, lanaren banaketa sexualaren ondorio zuzena dela ezkutatzen dute.

Gizartea garatzeko orduan, familia-arloko ugalketa-lana ezinbestekoa bada ere, gurea bezalako sozietate patriarkalean ez dauka ez agerikotasunik, ez ordainik, ezta onespen sozialik ere. Lan hori ez da garran-tzitsua kontabilitateko ekoizpenaren eta aberastasun-sorreraren ikuspegitik. Hori dela-eta, lan hori bakarrik egiten duten emakumeak ez-emankortzat eta ez-aktibotzat hartzen dituzte.

Lanaren banaketa sexualaren ondorioz, ordainpeko etxeko lan gehienak ere emakumeek egiten dituzte, bertokoek eta etorkinek. Gainera, esklabutzatik hurbil dauden baldintzetan azpikontratatzen dituzte: gizarte-segurantzako afiliaziorik gabe, soldata txiki-txikia, aparteko ordainsaririk gabe eta atsedenik gabeko lanaldi amaiezinak.

Lanaren banaketa sexualak ondorio larriak ditu emakumeontzat, etxean eta lanean ez digulako gizonekiko berdintasun-baldintzetan garatzen uzten.

Hori dela-eta, maiatzaren 1ean, Langileen Nazioarteko Egunean, Berdintasunaren Aldeko Donostiako Emakumeen Kontseilua kalera irtengo da, donostiarrei desberdintasunak gogaituta gauzkala jakinarazteko.

Emakumeok gogaituta gaude…

…etxeko lana agerikoa ez delako, gizartea garatzeko orduan ezinbestekoa den arren!

… etxeko lana eta zainketak gizonek eta emakumeek berdintasunez partekatutako erantzukizuna ez delako!

…ume eta menpekoen atentzio unibertsalerako euskal sistema publikorik ez dagoelako!

…etxetik kanpo prestakuntza-maila eta ordainsari txikiko, aldi baterako eta lanbide-hobekuntzarik gabeko lan ezegonkorretan lan egin behar dugulako!

…hezkuntza-sistemarentzat lehentasunezkoa ez delako emakume eta gizonen artean familia eta lanaren arloko erantzukizun bateraturako hezkuntza sustatzea!

…etxetik kanpo eta etxean bertan lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak egin arren, nahikoa autonomia ekonomikorik ez dugulako eta arlo profesional, sozial, ekonomiko eta politikoan desabantailan parte hartzen dugulako!

...unibertsitatean ikasi arren eta lanbide-asmoak eduki arren, oraindik ere onartu egiten delako gizonek emakumeek besteko erantzukizunik ez edukitzea etxean eta familian!

…etxeko langileak izanda ere, Langileen Estatutuan zehaztutako oinarrizko eskubiderik ez dugulako!

... etxeko lanaren arloan legez kanpoko kontratuak onartzen direlako emakume etorkinak izateagatik!

…ekonomiari begira etxeko andreak biztanle ez-aktibotzat har-tzen dituztelako, ugalketa-lanak etekin ekonomiko eta sozialak sor-tzen baditu ere!

...mugikortasunari, zerbitzuei eta ekipamenduei dagokienez, garraioaren zein hirien plangintzak eguneroko bizimoduaren atentzioa eta zainketa eragozten jarraitzen duelako!

…langabeziaren eta lan-ezegonkortasunaren ondorioz, ahalegin handia egin behar dugulako menpeko senideak zaintzeko!

…enpresek lanaldi mugatu ezegonkorrak eskaintzen dizkigutelako familia-arloko arduraldi handiagoaren truke!

…gure pentsioak eta erretiroak gizarte-segurantzako txikienak direlako, bizitza osoan zehar geure familiak zaindu, hezi eta atenditu baditugu ere!

...geure bizitza pertsonala eta profesionala eten behar dugulako, gizonek, emakumeek, instituzio publikoek eta enpresek partekatu beharreko premia sozialei erantzuteko!

…krisi ekonomikoen ondorioz, gizarte-zerbitzuak murriztu eta emakumeek familian zein etxean dituzten erantzukizunak handitzen direlako!

Desberdintasunak gogaituta gauzka!

Sistema sozial eta ekonomiko feminista eduki nahi dugu!

2009/04/21

> Berria: Ekitaldiak > ABIAN DA EHGAMEK ANTOLATUTAKO LEHENENGO MADELON LITERATURA LEHIAKETA


  • Abian da EHGAMek antolatutako lehenengo Madelon literatura lehiaketa
  • Gara, 2009-04-21 # A.A. • Donostia
Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak «Madelon» gazteentzako literatura lehiaketa jarri du martxan. «Dena lortua dugula esaten diguten garai hauetan, gazteriaren ikuspuntua ezagutzeko modu egokiena iruditu zitzaigun», azaldu zuen Ander Gisasola EHGAMeko kideak. Bide batez, Xanti Altxu, Madelon, EHGAM-Gipuzkoako fundatzaile izandakoa gogoan izango dute.

Gaia librea izango da, baina gay, lesbiana, bisexual edota transexualen arteko harremanak edo beste edozein «erlazio ez-normalizatu» islatu beharko du. Bi maila izango dira: 14-17 urte artekoak eta 18-25 artekoak. Kontakizunak euskaraz zein gaztelaniaz aurkez daitezke eta bost eta hamar orri bitarteko luzera izan beharko dute.

Lanak EHGAMen Gipuzkoako egoitzara bidali behar dira maiatzaren 29a baino lehen. Sari banaketa ekainaren 26an izango da Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. Gisasolaren esanetan, «saria ez da azken unera arte jakitera emango, garrantzitsuena gaiaren inguruko hausnarketa iruditzen baitzaigu». Argibide gehiago, www.ehgam.org-en.

> Berria: Ekitaldiak > MADELON SARIAK LITERATURA LEHIAKETA ANTOLATU DU EHGAMEK

  • Madelon Sariak Literatura Lehiaketa antolatu du EHGAMek
  • Xanti Altxuren omenezko literatura lehiaketa hau 1 8 eta 25 urte arteko gazteei zuzenduta dago
  • Oarsoaldeko Hitza, 2009-04-21 # Jon Gonzalo
Xanti Altxu herritarraren omenezko Madelon Sariak Literatura Lehiaketa antolatu du EHGAM-ek. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Xanti Altxuk bere bizitzan bultzatu zituen baloreak sendotzea eta zabaltzea izango du helburu lehiaketa honek, batez ere, homosexualen eta transexualen bizimoduaren normalizazioa.

Madelon Sariak Literatura Lehiaketa 18 eta 25 urteko gazteei zuzenduta dago. Gaia librea da, baina gay, lesbiana, transexual edo beste edozein motatako erlazio afektiboei tartea egin beharko die.

«Aukera polita iruditzen zaigu gazteek gay-en, lesbianen eta transexualen errealitateari buruz gogoeta egiteko. Halaber, gazteek duten ikuspuntua jaso eta erradiografia antzeko bat egin nahi dugu. Horrela, aurrera begirako ekintzetan haien ikuspuntua kontuan hartuko dugu», azaldu zuen lehiaketaren aurkezpenean Ander Gisasola EHGAMeko kideak.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehiaketara aurkezten diren lanak bost orrialdeko gutxieneko luzera eta 10eko gehienezkoa izango dute. Lanak jasotzeko azkeneko eguna maiatzaren 29a izango da.

Lehiaketari buruzko informazioa gehiago www.ehgam.org webgunean aurki daiteke.
  • Oinarriak
  • Parte-hartzaileak. 14 eta 25 urte arteko gazteek parte har dezakete.
  • Hizkuntzak. Lanak euskara eta gazteleraz aurkeztu ahal dira.
  • Mailak. Bi maila izango dira. 14-17 urteko gazteena, eta 18-25 urtekoena.
  • Sariak. Maila bakoitzeko lan hoberena sarituko da, eta baita maila bakoitzeko bi finalistak ere bai
  • Gaia. Gaia librea izango da, baldintza bakar batekin: gay-en, lesbianen, bisexualen edo transexualen harreman afektibo-sexualak islatzea.
  • Luzera. Lanek bost eta hamar orrialde bitarteko luzera edukiko dute, espazio bikoitzean, Times New Roman 12an.
  • Aurkezpena. Lan originala eta bi kopia aurkeztu beharko dira.
  • Epeak. Lanak 2009ko maiatzaren 29a baino lehen bidali behar dira.
  • Helbidea. EHGAM, Gaztegune-CRAJ, Anoeta 28, Txuri Urdin, 20014 (Donostia).
  • Datu pertsonalak. Irabazleekin harremanetan jartzeko erabiliko dira soilik.
  • Argitalpena. EHGAMek irabazleen lanak argitaratzeko eskubidea gordeko du.
  • Sari banaketa. Ekainaren 26an.

> Laburrak: Ekitaldiak > EHGAMEK MADELON GAZTE LEHIKETA ANTOLATU DU

  • EHGAMek Madelon gazte lehiaketa antolatu du
  • Berria, 2009-04-21
EHGAM elkarteak Madelon literatur lehiaketa antolatu du, 14 urtetik 17ra eta 18tik 25era arteko gazteentzat. Gay, lesbiana, bisexual eta transexualekin lotutako gaiak jorratu behar dituzte narrazioek, euskaraz edo gaztelaniaz. Maiatzaren 29a baino lehenago igorri behar dira narrazioak.

> Berria: Ekitaldiak > EHGAMEK MADELON LITERATUR SARIAK PRESTATU DITU LEHEN ALDIZ

  • EHGAMek Madelon literatur sariak prestatu ditu lehen aldiz
  • Gay, lesbiana, bisexual, transexual edo beste edozein motako harreman afektiboak islatu behar dituzte parte hartzaileek.
  • Irutxuloko Hitza, 2009-04-21
Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak Madelon Sariak Literatura Lehiaketa antolatu du. Sari hauei Xanti Altxu Madelon, Gipuzkoako EHGAMeko fundatzaile zenaren izena eman diete, bera izan baitzen Euskal Herrian gay, lesbiana, transexual eta beste adierazpen sexualen mugimenduaren gizarteratzaileetako bat. Sari hauek helburu bera dute, gazteen artean mugimenduaren «bisibilitatea bultzatu eta normalizatzea».

Bi kategoria izango ditu lehiaketak. 14 eta 17 urte bitartekoa bata eta 18 eta 25 urte bitartekoa bestea. Lehiaketaren gaia librea bada ere, beharrezkoa da gay, lesbiana, bisexual, transexual edo beste edozein motako erlazio afektiboak bertan islatzea.

Lanak euskaraz zein gaztelaniaz aurkeztu daitezke eta maiatzaren 29a bukatuko da epea. Lehiaketaren oinarriak eta informazio gehiago, www.ehgam.org webgunean edo 667435570 telefonoan.

2009/04/19

> Berria: Ekitaldiak > MADELON SARIAK LITERATURA LEHIAKETA ANTOLATU DU EHGAMEK

  • Madelon Sariak Literatura Lehiaketa antolatu du EHGAMek
  • Xanti Altxuren omenezko literatura lehiaketa 18 eta 25 urte arteko gazteei zuzenduta dago
  • Oarsoaldeko Hitza, 2009-04-19 # J. Gonzalo
Xanti Altxuren omenezko Madelon Sariak Literatura Lehiaketa antolatu du EHGAMek. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Xanti Altxuk bere bizitzan bultzatu zituen baloreak sendotzea eta zabaltzea izango du helburu lehiaketa horrek, batez ere, homosexualen eta transexualen bizimoduaren normalizazioa.

Madelon Sariak Literatura Lehiaketa 18 eta 25 urteko gazteei zuzenduta dago. Gaia librea da, baina gay, lesbiana, transexual edo beste edozein motatako erlazio afektiboei tartea egin beharko die. Nolanahi ere, lehiaketari buruzko xehetasunak bihar Donostian egingo duten aurkezpenean emango dituzte antolatzaileek.

2009/03/31

> Berria: Prostituzioa > GASTEIZ: PROSTITUZIOA IGO EGIN DA AURTEN

  • Prostituzioa igo egin da Gasteizen aurten
  • Hiriko errealitate hori argitara emateko eta eztabaida sortzeko kanpaina egin du Gizarterako elkarteak
  • Berria, 2009-03-31 # J. Rejado • Gasteiz
Gasteizen prostituzioa igo egin da. Hori ondoriozta daiteke Gizarterako elkarteak emandako azken datuen arabera, datu zehatzak ematea zaila den arren. Prostituzioan aritzen diren emakumeak artatu eta laguntzen dituen elkarte horrek uste du aurten 500 emakume inguru lagunduko dituela, lehen hiru hilabetetako datuak mantenduz gero. Kopuru hori iragan urtekoaren aldean nabarmen handitu da. Izan ere, iaz 300 emakumeri eman zien laguntza.

Prostituzioan jarduten diren emakume askok klub, taberna, errepideetako klubetan edo pisuetan lan egiten dute, baina Gizarterako elkarteak onartu du errazagoa zaiela kalean edo biribilguneetan dauden emakumeetara gerturatzea. Azken toki horiek dira prostituzioaren benetako presentzia agerian utzi dutenak, Chelo Ordejon elkarteko presidentearen ustez. Haren ustez, prostituzioa emakume horiengana jotzen duten gizonak daudelako dago, edo, Ordejonen hitzetan, «prostituitzen dutenak» daudelako.

Prostituzioak Araban duen presentziaren benetako datuen berri izateko Gizarterako elkarteak Gizarte Laneko bi irakaslerengana jo du, gaia iker dezaten. Oraindik lanean ari dira, baina irakasleek jakinarazi dute bezeroek ez dutela ezaugarri zehatzik, eta beren nortasuna ezkutuan mantentu nahi izaten dutela. Maria Jose Barahona irakasleak nabarmendu duenez, bezeroak nor diren jakiten ez den bitartean ezin izango da gizartearen kontzientzia aldatu.

Errealitatea jakinarazi
Gasteizen gertatzen denaren berri emateko kanpaina hasi zuen atzo bertan Gizarterako elkarteak. Prostituzioa = esklabotza? leloa duen kanpainaren asmoa da prostituzioa hirian bertan dagoela erakustea, eta, aldi berean, horren inguruko gogoeta egiteko giltzarriak ematea. Hain zuzen ere, kanpainarekin batera banatuko dituzten eskuorrietan Gasteizen prostituzioan ari diren emakumeen hitzak jasotzen dira.

Kanpainaren bidez, emakumeek jasaten dituzten gehiegikerien berri ematen da. Emakumeen baldintzak oso txarrak direla nabarmendu du Ordejonek, eta bezeroen partetik jasaten dituzten erasoak eta tratu txarrak ohikoak direla gaineratu du. Haien baldintzak emakumeen euren hitzetan azaltzen dira kanpainan. Horrez gain, prostituzioan jarduten diren emakumeak bizi diren inguruaz ohartarazi du Gizarterako elkarteak. Izan ere, elkartera jotzen dutenak emakume pobre eta baztertuak izaten dira.

> Berria: Indarkeria > EHUNKA LAGUNEK MILAGROS SALAZARREN HERIOTZA GAITZETSI DUTE GASTEIZEN

  • Ehunka lagunek Milagros Salazarren heriotza gaitzetsi dute Gasteizen
  • Emakumeen kontrako indarkeria egotzita, sei gizon atxilotu dituzte asteburuan; lau Bizkaian eta bi Gipuzkoan
  • Berria, 2009-03-31 # Jon Rejado • Gasteiz
Ehunka lagun bildu ziren atzo Gasteizen, Milagros Salazarren heriotza gaitzesteko manifestazioan. Emakumeen kontrako indarkeriari aurrea hartu leloa zuen pankartaren atzean, genero indarkeria amaitzeko eta biktima bakar bat gehiago ere egon ez dadila eskatu zuten elkarretaratuek. Helburu horrekin hainbat elkarretaratze egin ziren atzo iluntzean Euskal Herriko hamaika txokotan, eta orotara ehunka lagun bildu ziren protesta ekimenetan. Besteak beste, ehun bat lagun bildu ziren Errenterian. Ermuan, genero berdintasunaren aldeko gizon taldeak deituta, 35 lagun elkarretaratu ziren.

Gasteizko manifestazioaren bukaeran Izaskun Jimenezen erailketaren ondorioz egindako mobilizazioak gogora ekarri zituen Bilgune Feministako eledun batek. «Egoera iluna bada ere, egoera honek irtenbidea duela ziur gaude». Elkartasunaren, autodefentsaren, elkarlanaren eta salaketaren bitartez, erasotzaileak «gune guztietatik kanporatzea» lortuko dela nabarmendu zuen.

Milagros Salazarren heriotza hilaren 23an gertatu zen, Gara egunkariak jakinarazi zuenez. Iturri horren arabera, gaur egun Gasteizen bizi zen emakumea, gizarte zerbitzuen pisu batean, bere hiru semeekin. Salazarren senarrak bi egun lehenago topatu zituen, eta laurak jipoitu zituen. Salazar jipoia jaso eta bi egunera hil zen, Txagorritxu ospitalean, Gara egunkariak azaldu zuenez. Emakumeak gaixotasun larria pairatzen zuen, eta ospitalean artatu zuten sendagileek ezin izan zuten zehaztu heriotza jipoiaren edo gaixotasunaren ondorioz gertatu zen. Gertaera horren aurretik, Arabako Aldundia hiru adingabeen zaintzaz arduratu zen.

Emakumeen Mundu Martxako Plataformak Salazarren heriotza «emakumeon kontrako indarkeria» gisa hartu, eta kasu horietan ohikoa den protokoloa hasi zuen. Gasteizko Udalak, berriz, informaziorik ez duela adierazi du. Heriotza gaitzetsi egin du, baina emakumeen kontrako indarkeriaren biktima dela esateko datuak falta direla uste du.

Sei atxilotu herenegun
Poliziak sei gizon atxilotu zituen herenegun, emakumeen kontrako indarkeria delituak leporatuta. Horietatik lau Bizkaian atxilotu zituzten; bi Bilbon, bat Zallan eta beste bat Getxon. Gipuzkoan egin zituzten beste bi atxiloketak; Tolosan eta Donostian.

Bizkaian eginiko lehen atxiloketa Bilbon egin zuten, herenegun, 03:00ak aldera, Ertzaintzak jaso zuen dei baten harira. Emakume batek deitu zuen jakinarazteko gizon bat etxeko atea gogor jotzen ari zela. Ertzainak heldu zirenean gizona ihes egiten saiatu zela eta atxilotzeko unean ertzain bati eraso ziola adierazi du Poliziak. Deia egin zuen emakumeak jakinarazi zuen gizonak eraso egin ziola beren semearen aurrean. Erasoa baieztatu ondoren, gizona atxilotu zuten. 20:50ak inguruan izan zen Bilboko bigarren atxiloketa, emakume batek bikotekideak eraso ostean ertzain etxera deitu zuen.

Zallan atxilotutako gizonari bikotekide ohiari eta horren egungo bikotekideari makila batekin eraso egin izana leporatu dio Ertzaintzak. 05:00etan izan zen atxiloketa, emakumeak dei baten bidez gertatutakoaren berri eman ostean. Egun berean, 23 urteko gizon bat atxilotu zuten udaltzainek Getxon, bikotekideari labana batekin mehatxatzea egotzita. Erasoa ikusi zuten hainbat lagunek Udaltzaingora deitu zuten. Bikotekideak ez zuen salaketarik jarri nahi izan unean bertan.

Ertzaintzak 33 urteko gizon bat atxilotu zuen Tolosan, 14:30ak aldera, bikotekideari eraso egitea egotzita. Ertzaintzak jakinarazi duenez, emakumea osasun etxera eraman zuten. Ordu horretan bertan, beste gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Donostian, emaztea jotzea egotzita. Ertzaintzak jakinarazi duenaren arabera, emakumeak azaldu zien gizonaren erasoak ohikoak zirela, baina ordu arte ez zituela erasoak salatu.

2009/03/29

> Berria: Indarkeria > GASTEIZ: MILAGROS SALAZARREN HERIOTZA GAITZETSI DU MUGIMENDI FEMINISTAK

  • Milagros Salazarren heriotza gaitzetsi du mugimendu feministak
  • Txagorritxu ospitalean astelehenean hil zen emakumea gogoan, protestak egingo dituzte gaur eta bihar
  • Berria, 2009-03-29 # Erredakzioa • Gasteiz
Astelehenean Gasteizko Txagorritxu ospitalean zendu zen Milagros Salazarren heriotza salatuko du Emakumeen Mundu Martxako Plataformak. Gaur bertan elkarretaratzea egingo dute Gasteizen, 20:00etan, Andra Maria Zuriaren plazan. Bihar, ostera, manifestazioa abiatuko da leku beretik. Beste zenbait hiriburutan ere egingo dituzte elkarretaratzeak bihar: Donostian, 19:30ean egingo dute, Bulebarrean; Iruñean ere 19:30ean elkartuko dira, Udaletxeko plazan; 20:00etan izango da Bilboko elkarretaratzea, Arriagaren aurrean.

«Salazarren heriotza emakumeon kontrako indarkeria kasu gisa» hartzen du Emakumeen Mundu Martxako Plataformak. Horrelako kasuetan ohiko den protokoloa abiarazi dutela jakinarazi dute. Horregatik egingo dituzte protestak. Hiriburuetan ez ezik, beste hainbat herritan ere elkartuko dira gaur eta bihar, Salazarren heriotza gaitzesteko. Gipuzkoan, Arrasate, Azpeitia, Errenteria, Irun, Lasarte, Tolosa eta Zarautzen ere elkartuko dira. Bizkaian, Bilbon ez ezik, Algortan, Portugaleten eta Zornotzan ere egingo dituzte protestak. Nafarroan, berriz, Altsasun eta Lizarran egingo dituzte protestak.

Salazarren heriotza
Iragan astelehenean hil zen Salazar, Txagorritxuko ospitalean, Gara egunkariak jakitera eman duenez. Gasteizko parke batean zorabiatu zen Salazar, eta larrialdi zerbitzuek bihotza geldirik zuela aurkitu zuten. Ospitaleratu eta ordu erdira hil zela jakinarazi dute. Gara egunkariaren arabera, hil baino bi egun lehenago, Salazar jipoitu egin zuen senarrak. Hain justu, senarrarengandik ihes eginda bizi zen Salazar Gasteizen, hiru seme-alabekin. Salazarrek osasun egoera ahula zuela azaldu du Gara egunkariak, eta Arabako Foru Aldundia egin dela seme-alaben kargu.

2009/03/28

> Berria: Arrazakeria > ARRAZAKERIAREN AURKA, HERRI GIZA


  • Arrazakeriaren aurka, herri giza
  • Berria, 2009-03-28
Euskal Herrian inor ez eskubiderik gabe lelopean, hainbat gizarte eragile, sindikatu, kultur talde eta migratzaile kolektibotako kideek Espainiako Gobernuaren Gasteizko ordezkaritzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo, 19:00etan. Protesta ekintzara bildutakoek arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka herri gisa borrokatzeko eskubidea aldarrikatu dute, eta herri mugimenduek eta herritarrek lan horretan izan behar duten parte-hartzea aldarrikatu dute.

2009/03/27

> Artikulua: Nerea Sancho > GAZTEEN SEXUALITATEAK IKUSTEKO ERAK

  • Gazteen sexualitateak ikusteko erak
  • EuskoNews, Gaztea, 104. alea, 2009-03-27 # Nerea Sancho • Psikologoa eta Sexologoa
Gazte alaiak, emankorrak, osasuntsuak, dibertigarriak nahi ditugu. Zaletasun pertsonalak dituztenak, irakurtzea atsegin dutenak, kirolariak, laguntasuna baloratzen dutenak. Elkar errespetatzen eta maitatzen diren neska eta mutilak, gurasoekin konfiantza dutenak eta zaharrei irribarrea eragiten dietenak.

Belaunaldiak etorri, belaunaldiak joan, badirudi ez dela aldaketa sakonik gertatu: belaunaldien arteko jauzia eta ezulertuak dirau. Helduarora iristerakoan esaldi hau edo honen bertsio bat errepikatzen dugu: “egungo gazteak ez dira batere arduratsuak, gure belaunaldia hobeagoa zen.”

Gazteen sexualitateez (pluralean, bakoitzak bere sexualitate bakarra eta errepika ezina baitu) hitz egiterako orduan zuzenean arriskua datorkigu elkarrizketara: planeatu gabeko haurdunaldiak, infekzioak, abortua, internet bidez gertatutako delituak... Gazteria eta arriskua, dena bat bailitzan tratatzen jarraitzen dugu, a ze nobedadea!

Neska eta mutilen bizitza sexualei buruz mintzatzean nahiko al genuke honakoa entzun? Amodioa, kitzikapena (eszitazioa), zirrara, dibertsioa, erakarpena, bizi–poza, larrua jotzea, biluztasuna, jolas erotikoak, belarrira xuxurlatzea, flirtean ibiltzea, esplorazioak...

Lehenengo eta behin, gazteen sexualitateak era baikor batetan ikusteko, azken hitz zerrenda entzuteko prest eta gogoz egon beharko dugu, nola bestela?

Eta bigarrenik, hori entzuteko, helduok, etxeko–lanak egin beharko ditugu. Zeintzuk etxeko–lan? Sexuen Hezkuntza bermatzea, alegia.

Askotan pentsatzen da sexuen hezkuntzaren helburua EGITEN dutena heztea dela. SENTITZEN dutenari buruz informazioa ematea dela uste da baita ere. Edota duten gorputza, hau da, DUTENA ezagutzea dela. Hiru alor horiek, zaindu beharrekoak dira, bai horixe! Baina gure helburu nagusia beraiek DIRENA eraikitzen laguntzea da. Neska eta mutilak eraikitzea. Gizon eta emakume gisa izan dezaketen aberastasuna lantzea, kultibatzea, heztea. Laburbilduz, euren buruak EZAGUTU ETA ONARTZEA, beraiek diren moduan, gizon edota emakume gisa espresatu ahal izatea. Eta neska eta mutil bakoitzak BERE MODU PERTSONALA izango du.

Heldu arduratsu askok esango luke horrekin ados dagoela, baina non geratzen da prebentzioa?

Bertako eta nazioarteko ikerketa anitzek demostratzen dute gazteen sexuen hezkuntza egokia jasota –txiki–txikitatik baldin bada, askoz hobe– ondorio ezkorrak ekiditen direla. Beste modu batera esanda, hezkuntzaren bitartez euren buruak neska edo mutil gisa behar bezala ezagutzea lortzen badugu, diren bezala euren buruak onartzea eta espresatzeko aske sentitzea lortzen badugu, ez dira arazoetan sartuko. Horrelaxe da, oso sinplea badirudi ere.

Euren burua, gorputza, erreakzioak, sentipenak identifikatzen eta ezagutzen lagundu behar diegu, gauza bakoitzari bere izena emanez: bulba, kitzikapena (eszitazioa), eiakulazioa, masturbazioa, poza, zalantza, beroa, erakartasuna, plazera...

Euren buruak onartzen irakatsi behar diegu: euren gorputzak maitatzen, euren zaletasunak garatzen eta goraipatzen, besteekiko desberdina duten hori errespetatzen eta onartzen... Ondokoak desberdinak direla onartzen eta baloratzen ikasi behar dute.

Eta janzteko era, hitz egiteko modua, dantzatzeko estiloa, kirolaren aukera, jostailuen selekzioa... era duinean eta koherentean bizi dezaten lagundu beharko diegu.

Aurrekoa saiatuz gero, gazteak eta arriskua bereizten hasiko gara. Eta ez da gutxi.

Konfiantzazko sexu aholkularitza zerbitzua hemen topatuko duzu: www.gaztezulo.com

2009/03/26

> Berria: Salaketak > EKINTZA GLOBALERAKO ASTEAK KAPITALISMOA ETA GERRA SALATUKO DITU BILBON

  • Ekintza Globalerako Asteak kapitalismoa eta gerra salatuko ditu Bilbon
  • Larunbatean abiatuko dituzten ekitaldi «bizi eta koloretsuetan» parte hartzeko deia egin dute gizarte eragileek
  • Berria, 2009-03-26 # Miren Korta • Bilbo
Hainbat sindikatuk eta gizarte erakundek kapitalismoaren eta gerraren aurka Ekintza Globalerako Astea egingo dute Bilbon larunbatetik aurrera. Belem do Para hiriko (Brasil) IX. Munduko Gizarte Foroak hala eskatuta, «mundu osoko ekintza eta mobilizazio astearekin bat egitea» erabaki dute antolatzaileek, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko ordezkari David Lopategik aurreratu duenez.

Ekitaldi sorta hasteko, larunbatean elkarretaratze «bizi eta koloretsua» egitera deitu dute, Kapitalismoaren aurka. Premiazkoa da beste mundu bat lelopean. Bilboko Plaza Biribileko BBVAren egoitza parean izango da hori, 20:00etan. Kontzentrazioan bi helburu dauzkate: krisi ekonomikoa salatzea eta G-20 taldeak apirilean Londresen egingo duen bileraren kontra egitea.

Lopategik gogor kritikatu du G-20 taldeak duen jarrera: «Krisiari aurre egiteko abian jartzen diren salbazio plan guztiek logika berbera dute; alegia, mozkin pribatuak bermatzeko, galerak sozializatzea». Aldi berean, gogora ekarri du apirilaren 4an Estrasburgon (Frantzia) NATOk egingo duen bilera. «NATOren 60. urtemugaren harira, guk ez dugu ezer ospatzerik. Bakea ez da inolaz ere armagintza politikaren eta esku-hartze militarra indartzearen ondorio izango», gaineratu du. Aitzitik, «berdintasunean, askatasunean eta justizia sozialean» sakontzeko eskaera egin die Lopategik agintariei.

Ekitaldiz jositako egitaraua
Bizkaiko 30 talde inguruk babestu dute Ekintza Globalerako Astea. Hala, ekitaldi ugari izango dira Bilbon apirilaren 4a arte. Astean, manifestazioak, elkarretaratzeak, tailerrak eta hitzaldiak egingo dituzte, «krisia, gerra, biolentzia eta arrazakeria» salatzeko.

Antolatzaileen artean honako hauek daude, besteak beste: ELA, LAB, ESK, EILAS eta EHNE sindikatuak, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Ekologistak Martxan, SOS Arrazakeria eta Kakitzat, Anitzak eta Harresiak Apurtuz elkarteak.

> Berria: Arrazakeria > ARRAZAKERIAREN AURKA HERRI GISA JOKATZEKO ESKATU DUTE


  • Arrazakeriaren aurka herri gisa jokatzeko eskatu dute
  • Hainbat sindikatu, gizarte eragile eta migratzaile kolektibok elkarretaratzera deitu dute biharko
  • Berria, 2009-03-26 # Eihartze Aramendia • Donostia
«Bada garaia arrazakeria eta xenofobiaren kontrako borrokan herri gisa aurrerapauso bat emateko, gure ikuspegi propio batetik gai honi helduz, eta Estatuen inposaketa eta logika gaindituz». Hori adierazi du Bea Martxueta LABeko kideak beste hainbat sindikatu, eragile sozial, kultural eta migratzaile kolektiboren izenean; hala nola Bilgune Feminista, Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Herriak Bere Eskola, Anitzak Ekimena eta Askapena. Joan den martxoaren 21ean izan zen arrazakeria eta xenofobiaren kontrako nazioarteko egunaren haritik, eragile eta kolektibo horiek hausnarketa egin dute gaiaren inguruan.

Euskal Herrian eta Europan «arrazismo instituzionala» dagoela salatu dute, erakundeek dituzten atzerritarren politikei eta legeei erreparatuz. Politika horiek «asilo edo migrazio egoeran dauden pertsonen esplotazio ekonomikoa eta segurtasun errepresiboa» xede dutela iritzi diote eragile eta kolektiboek. Horrez gain, Euskal Herrian «garrantzi handiko beste analisi elementu bat» ere badagoela nabarmendu dute: «Politikoki eta kulturalki gutxitua den gure estaturik gabeko nazio izaeraz ari gara. Ukapen egoera batean gaude, eta horrek eskubide urraketa bikoitza eta berezia pairatzera eramaten gaitu».

Prekarietate egoera
Eragile eta kolektibo horien iritziz, instituzioen atzerritarren legeen bidez, bizileku, herritartasun eta naziotasun eskubideak nori eta zein baldintzatan aitortu erabakitzen da. Hori horrela, Europako Batasunetik kanpo datozen pertsonak egoera eskas eta ahulen aurrean daudela salatu dute. Egoera «paradoxiko eta bitxiak» ere gertatzen direla azaldu dute: «Hegoaldeko zein Iparraldeko herritarrok atzerritartzat hartuak izaten gara, Euskal Herrian egon arren, mugaren zein aldetan gauden kontuan izanik». Jatorria kontuan hartu gabe, Euskal Herrian bizi diren herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute, «kanpoko inongo inferentziarik eta inposaketarik gabe».

Ekonomia krisia ere izan dute hizpide eragile eta kolektiboek: «Bizi dugun krisialdi ekonomikoan inoiz baino beharrezkoagoa da erabakitzeko eskubidea bermatzea». Izan ere, euren arabera, kapitalismo globalak eta estatuen gobernuak eskubiderik gabeko pertsonez baliatzen dira lan merkatuaren baldintzak gero eta eskasagoak izateko eta langileen arteko mesfidantza bilatzeko.

Hori guztia salatzeko, eragile sozial, sindikal, kultural eta migratzaile kolektiboek biharko antolatu duten elkarretaratzera deitu dute. Espainiako Gobernuaren Gasteizko ordezkaritzaren aurrean izango da, 19:00etan.

> Berria: Arrazakeria > INMIGRAZIO POLITIKAK SALATZEKO, MARTXA ANTOLATU DU SOS ARRAZAKERIAK


  • Immigrazio politikak salatzeko, martxa antolatu du SOS Arrazakeriak
  • Heldu den igandean izango da ibilaldia, Pasaiatik abiatu eta Donostiako Bulebarreraino
  • Berria, 2009-03-26 # Erredakzioa • Donostia
SOS Arrazakeria elkarteak, Gipuzkoako 51 elkarte eta erakunderen babesarekin, -tartean LAB, ELA, EILAS, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua eta EHGAM- arrazakeria eta xenofobiaren aurkako hamabigarren martxa antolatu du. Arrazakeria, xenofobia eta immigrazio gaietan atzerabidezko politiken aurka leloa duen ibilaldia heldu den igandean abiatuko da Trintxerpetik (Pasaia, Gipuzkoa) 11:30ean, eta Donostiako Bulebarrera 13:00ak inguru iritsiko da. Aurten, 2008an erakundeek buruturiko arrazakeria mota guztiak salatuko dituzte.

SOS Arrazakeriako kide Agustin Unzurrunzagak azaldu duenez, «aurten atzerritartasun eta immigrazio gaietan bereziki baztertzaile eta zapaltzaileak diren zuzentarauak eta Europa osoko itunak indarrean jarri dira». Unzurrunzagak gogorarazi du, joan den abenduan ministro kontseiluak Atzerritarren Legearen Erreforma Legearen aurreproiektua onartu zuela, eta hori «eskubideen alorrean atzerapauso bat gehiago» dela salatu du. Horrez gain, atzerritarrentzako zentroetan ezarritako atxiloketa epea luzatzea ere atzerapausotzat jo du: «Atzerapausotzat jotzen dugu etxebizitzarako laguntzak eskatzeko orduan hemen bizi direnen artean desberdintasun eta hierarkiak ezartzea ere; eta pertsonen arteko elkartasun adierazpenak jazartzea eta zigortzea», besteak beste.

Krisiak «kolpatuak»
Ekonomia krisiak bereziki etorkinak kolpatzen dituela adierazi du Unzurrunzagak: «Langabezia igo, gizarte bazterkeria handitu eta langile guztien lan baldintzen prekarietatea areagotzeaz gain, gogortzen ari dira pertsona askoren lan eta egoitza baimenak berritzeko oztopoak». Egoera horrek Europako Batasunekoak ez diren herrialdeetako pertsonei eragiten diela jakinarazi du.

Etzirako, bestalde, Bizkaiko SOS Arrazakeriak manifestazioa antolatu du. Bilboko Arriaga plazatik abiatuko da ekitaldia, 18:00etan.

> Berria: Salaketak > ARABA: ELIZAK ETA PPK JARRERA HOMOFOBOA DUTELA SALATU DU EHGAMEK

  • Elizak eta PPk jarrera homofoboa dutela salatu du EHGAMek
  • Gay, lesbiana, bisexual eta transexualak elkartzen dituen erakundearen adarra sortu dute Araban
  • Berria, 2009-03-26 # Erredakzioa • Gasteiz
«Homofobiaren botoak onartuko ditu alderdi sozialistak Euskal Autonomia Erkidegoan?». Galdera hori eginez aurkeztu zuen bere burua Arabako EHGAMek, atzo, Gasteizen. Talde horretako kide Jaione Martinez de Albenizek eta Aritz Martinezek adierazi dute PPk emakume, gay, lesbiana eta transexualen eskubideei dagokienez daukan jarrera «aski ezaguna» dela. PSE-EEri galdetu diote ea garrantzi handiagoa duen Lehendakaritza eskuratzeak gay, lesbiana eta transexualen eskubideak errespetatzeak baino.

Elizak gay, lesbiana, bisexual eta transexualen aurka daraman «gurutzada» ere salatu du Arabako EHGAMek lehen agerraldian. «Homofobia, lesfobia eta transfobia bultzatzen dituen erakunde antolatua» da Eliza, EHGAMentzat. Hiesa bultzatzea eta sexu joerarengatik zigorrak jarri nahi izatea ere aurpegiratu diote. «Noiz arte jarraituko dute jarduera kriminal horrekin gure gobernuen oniritziarekin eta diru publikoa ere erabiliz?», galdetu dute.

Arabako EHGAM gisa horretako erasoei aurre egiteko sortu dela jakinarazi dute taldeko kideek: «Erasotik sortu gara, homofobiatik; kaletik sortu gara, eta kalean aritzeko». EHGAMek lanean 32 urte daramatzan arren, antolatzen jarraitzeko beharra nabarmendu dute, «orain inoiz baino gehiago». Larunbatean aurkezpen festa egingo dute, 22:00etan, Gasteizko Mur Mur tabernan.