- Homofobiak hartu du Afrika
- Berria, 2010-01-17 # Edurne Elizondo
- Kontinente horretako herri anitzetan delitu dira sexu bereko pertsonen arteko harremanak; Ugandan zigorrak gogortu nahi dituen legeak piztu du zalaparta, eta homosexualen eskubideen aldekoen salaketa eragin du.
Ugandako egoera ez da salbuespena Afrikan. 53 estatuetatik 38k dituzte homosexualitatea zigortzen duten legeak. Duela hamabost urte, «homosexualak txakurrak eta zerriak baino okerragoak » zirela erran zuen Zimbabweko presidenteak. Eta homofobiak gorako bidea baino ez du egin herri horretan, geroztik. Nigerian ere badituzte homosexualen kontrako lege zehatzak, eta heriotza zigorra dago aurreikusita haientzat. Ruandan, duela gutxi hartu dute homosexualitatea zigortzeko erabakia. Bost eta hamar urte arteko kartzela zigorrak aurreikusi dituzte.
Burundin, berriz, joan den apiriletik da homosexualitatea delitu. Erabaki hori hartu eta gero, Italiako erakunde katoliko baten saria jaso zuen Burundiko presidente Pierre Nkurunzizak. Haren hitzetan, «homosexualen kontra borrokatzeagatik» eman diote sari hori. Ruanda eta Uganda, hain zuzen, herri kristauak dira; katolikoak, nagusiki. Homosexualen eskubideen aldeko hainbat elkartek Elizaren eragina jo dute herri horietan homofobiak gora egiteko arrazoi nagusitzat. Eta gauza bera gertatzen da Ugandan, elkarte horien ustez.
Ugandan, neurri berriekin, homosexualitatea zigortu eta homosexualen kontrako salaketak sustatu nahi dituzte. Lege berriak, gainera, «jarduera homosexualak errazten edo laguntzen» dituztenak ere zigortu nahi ditu. Hiru urteko espetxe zigorra aurreikusten du, halaber, lege proiektuak, ikusi dituzten jarduera homosexualen berri 24 orduko epean ematen ez dutenentzat, eta zazpi urtekoa, berriz, homosexualen eta lesbianen eskubideen alde lan egiten dutenentzat. Presidenteak lege proiektutik ezabatu ditu nazioartean zalapartarik handiena sortu duten artikuluak, baina, hala eta guztiz ere, ugariak izan dira azken hilabeteotan haren hainbat ministrok eta bertze hainbat agintarik homosexualen aurka erran dituzten hitzak. «Afrikako kulturan homosexualitatea ez dago baimendua. Haurrak babestu behar ditugu, jarduera homosexualetan aritzeko hartzen baitituzte eskoletan», erran du, adibidez, Mary Karoro Okurutek.
«Zuzendutako hilketa modu bat da lege hori», salatu du Jacqueline Kashak, Ugandako Freedom and Roam elkarteko kideak. Elkarte horrek eta bertze hainbatek uste dute milioi erdi ugandar aterako dela herritik lege berriarengatik. «Nahiago izanen dute alde egin, espetxean sartu baino».
Kasharena ez da Ugandan lege berriaren kontra entzun den ahots bakarra. Protestak izan dira, bertzeak bertze, Londresen, Washingtonen eta New Yorken. Europako Parlamentuak ere auzia jorratu du. Ugandari eskatu dio erakunde horrek bere asmoetan atzera egin dezala. Aipatzekoa da, hala ere, bozketan Parlamentuko 736 diputatuetatik 65ek bakarrik parte hartu zutela. Hiruk kontrako boza eman zioten Parlamentuak Ugandari legea onar ez dezan egindako eskaerari; hirurak dira Europako Alderdi Popularreko kide.
Kenyan,errolda
Ugandan homosexualen kontrako zigorrak gogortzeko aukera aztertzen duten bitartean, Kenyan egin nahi duten homosexualen erroldak piztu du zalaparta. Hiesari aurre egiteko Kenyako programako arduradun Nicholas Muragurik erran du homosexual anitzek gaixotasun horri buruzko informaziorik ez dutela, eta errolda horren helburua horixe dela, homosexualei informazioa helaraztea. Kontua da, ordea, Kenyan delitu dela homosexualitatea, eta hamalau urteko espetxe Bigorra ere jaso dezaketela herri horretan homosexualek.
Asmoa da ekainean hastea erroldarekin. Hainbat adituk ez dute uste hiesari aurre egiten lagunduko duenik. Zenbait homosexualek, halaber, argitu dute erroldan zenba ditzaten prest direla, baina haien identitatea babesten badute, betiere. Espetxe Bigorra izan dezaketelako Elgar musukatzeagatik.
- Hegoafrika, salbuespena
- Afrikako kontinentean salbuespena da Hegoafrika. Homosexualitatea han ez da delitu. Gauza bat da legeak dioena, eta bertzea errealitatea, ordea.
Gauza bat da legeak dioena, eta bertze bat, gertatzen dena. Esparru anitzetan, gizarteak ez ditu bere egin lege horiek, ezta lege horiek diotena ere. Ondorioz, homosexualen eta lesbianen kontrako krimenak gertatzen dira urtero. Sexu joerak oinarri dituen bazterketa, gainera, komunitate guztietara zabaltzen da Hegoafrikan. «Berdin aurki daitezke homosexualak direlako familiak baztertutako zuriak, eta lesbianak direlako eraso egin dieten beltzak. Horrelakoak gertatzen dira, oraindik ere», erran du Matuba Mahlatjiek. Homosexuala da bera, eta ezkonduta dago Hegoafrikan.
Politikaren esparruan ere agerikoa da legeen eta errealitatearen artean gertatzen den Fauzi hori. Izan ere, 2006an, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak baimendu zituztenean, Gorte Konstituzionalaren agindua bete baino ez zuten egin Hegoafrikako Parlamentuko diputatuek. Erakunde gorena da hori herri horretako auzitegien artean. Garai hartan, homosexualen arteko ezkontzak «lotsagarritzat» jo zituen «herriarentzat eta Jainkoarentzat» Jacob Zumak, gero Hegoafrikako presidente izanen zenak.
No comments:
Post a Comment