2009/03/26

> Berria: Arrazakeria > INMIGRAZIO POLITIKAK SALATZEKO, MARTXA ANTOLATU DU SOS ARRAZAKERIAK


  • Immigrazio politikak salatzeko, martxa antolatu du SOS Arrazakeriak
  • Heldu den igandean izango da ibilaldia, Pasaiatik abiatu eta Donostiako Bulebarreraino
  • Berria, 2009-03-26 # Erredakzioa • Donostia
SOS Arrazakeria elkarteak, Gipuzkoako 51 elkarte eta erakunderen babesarekin, -tartean LAB, ELA, EILAS, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua eta EHGAM- arrazakeria eta xenofobiaren aurkako hamabigarren martxa antolatu du. Arrazakeria, xenofobia eta immigrazio gaietan atzerabidezko politiken aurka leloa duen ibilaldia heldu den igandean abiatuko da Trintxerpetik (Pasaia, Gipuzkoa) 11:30ean, eta Donostiako Bulebarrera 13:00ak inguru iritsiko da. Aurten, 2008an erakundeek buruturiko arrazakeria mota guztiak salatuko dituzte.

SOS Arrazakeriako kide Agustin Unzurrunzagak azaldu duenez, «aurten atzerritartasun eta immigrazio gaietan bereziki baztertzaile eta zapaltzaileak diren zuzentarauak eta Europa osoko itunak indarrean jarri dira». Unzurrunzagak gogorarazi du, joan den abenduan ministro kontseiluak Atzerritarren Legearen Erreforma Legearen aurreproiektua onartu zuela, eta hori «eskubideen alorrean atzerapauso bat gehiago» dela salatu du. Horrez gain, atzerritarrentzako zentroetan ezarritako atxiloketa epea luzatzea ere atzerapausotzat jo du: «Atzerapausotzat jotzen dugu etxebizitzarako laguntzak eskatzeko orduan hemen bizi direnen artean desberdintasun eta hierarkiak ezartzea ere; eta pertsonen arteko elkartasun adierazpenak jazartzea eta zigortzea», besteak beste.

Krisiak «kolpatuak»
Ekonomia krisiak bereziki etorkinak kolpatzen dituela adierazi du Unzurrunzagak: «Langabezia igo, gizarte bazterkeria handitu eta langile guztien lan baldintzen prekarietatea areagotzeaz gain, gogortzen ari dira pertsona askoren lan eta egoitza baimenak berritzeko oztopoak». Egoera horrek Europako Batasunekoak ez diren herrialdeetako pertsonei eragiten diela jakinarazi du.

Etzirako, bestalde, Bizkaiko SOS Arrazakeriak manifestazioa antolatu du. Bilboko Arriaga plazatik abiatuko da ekitaldia, 18:00etan.

> Berria: Salaketak > ARABA: ELIZAK ETA PPK JARRERA HOMOFOBOA DUTELA SALATU DU EHGAMEK

  • Elizak eta PPk jarrera homofoboa dutela salatu du EHGAMek
  • Gay, lesbiana, bisexual eta transexualak elkartzen dituen erakundearen adarra sortu dute Araban
  • Berria, 2009-03-26 # Erredakzioa • Gasteiz
«Homofobiaren botoak onartuko ditu alderdi sozialistak Euskal Autonomia Erkidegoan?». Galdera hori eginez aurkeztu zuen bere burua Arabako EHGAMek, atzo, Gasteizen. Talde horretako kide Jaione Martinez de Albenizek eta Aritz Martinezek adierazi dute PPk emakume, gay, lesbiana eta transexualen eskubideei dagokienez daukan jarrera «aski ezaguna» dela. PSE-EEri galdetu diote ea garrantzi handiagoa duen Lehendakaritza eskuratzeak gay, lesbiana eta transexualen eskubideak errespetatzeak baino.

Elizak gay, lesbiana, bisexual eta transexualen aurka daraman «gurutzada» ere salatu du Arabako EHGAMek lehen agerraldian. «Homofobia, lesfobia eta transfobia bultzatzen dituen erakunde antolatua» da Eliza, EHGAMentzat. Hiesa bultzatzea eta sexu joerarengatik zigorrak jarri nahi izatea ere aurpegiratu diote. «Noiz arte jarraituko dute jarduera kriminal horrekin gure gobernuen oniritziarekin eta diru publikoa ere erabiliz?», galdetu dute.

Arabako EHGAM gisa horretako erasoei aurre egiteko sortu dela jakinarazi dute taldeko kideek: «Erasotik sortu gara, homofobiatik; kaletik sortu gara, eta kalean aritzeko». EHGAMek lanean 32 urte daramatzan arren, antolatzen jarraitzeko beharra nabarmendu dute, «orain inoiz baino gehiago». Larunbatean aurkezpen festa egingo dute, 22:00etan, Gasteizko Mur Mur tabernan.

2009/03/12

> Komunikatua: Anitzak Ekimena > MARTXOAREN 21A: ARRAZAKERIA ETA XENOFOBIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

  • Martxoaren 21a: Arrazakeria eta xenofobiaren aurkako nazioarteko eguna
  • Euskal Herrian mobilizazio bateratua!
  • Anitzak Ekimena, 2009-03-12
Heltzear den martxoaren 21a izango da ”Arrazakeria eta xenofobiaren aurkako nazioarteko eguna”. Euskal Herrian, beste herrialdeetan bezala, data hori probestu gura genuke mugimendu sozial eta sindikatuok arrazoi politiko, ekonomiko edo dena delakoek behartuta gure herria utzi dugunok pairatzen dugun arrazakeria eta xenofobiaren jatorria salatzeko. Migrazio eta aterpe eskubideari dagozkion politika murriztaileak, kontrol eta kanporatze politikak dira aipatu berri ditugun ondorioen sortzaileak. Eta planetaren ipàrraldeko estatuek hamarkadak daramatzate horiek aplikatzen.

Asilo edo migrazio egoeran gaudenok, esplotazio ekonomikoa eta segurtasun errepresiboa bilatzen duten, eta eskubide oinarrizkoenak urratzen dituzten politiken erdigunean jartzen gaituzte aipatutako neurriek.Politika horien ondorio da kontrola areagotzea eta mendebaldeko demokrazien atzerakada, zeinak gure jatorrizko herrietan eta ingurukoetan esku hartzea justifikatu nahi duen.Europar Batasunaren neurriek eta proiektu ezberdinek eta aterpe eskubideari zein inmigrazioari dagozkien forma atzerakoi berriek, espainiar eta frantziar estatuetan, norabide berean doaz.Arrazakeri instituzional eta ekonomiko hori da egungo arrazakeriaren benetako sortzailea. Hori guztia gutxi balitz, politika horiek era berezian eragiten diete estaturik gabeko nazioei. Horren adibide da euskal nazioa, zeinak ez duen politika horietan eragiteko eskumenik. Aitzitik, ondorio lazgarriak pairatu behar ditu.

Hain zuzen ere, horrexegatik dauka aurtengo martxoaren 21ak esangura berezia Euskal Herrian.Iparraldean zein Hegoaldean kapital transnazionalak eragindako krisi ekonomikoak ez gaitu harrapatuko soilik EBtik kanpoko langile garenok, erabat babesgabetuak esandako politiken ondorioz. Herri honetako langile eta herritar sektoreen arteko kontraesanak ere eragin litzake. Era berean, gure herrian zabaldutako ziklo politiko berria are ziurgabeagoa bihurtuko da. Ez soilik euskal gizartearen gehiengoak aldarrikatzen duen erabakitzeko eskubidea, eskubide sozialak, lanari, kulturari, sindikatuei, pertsonen eskubideei eragingo die era ezin okerragoan. Gure jatorria dena delakoa izanik ere.

Hori dela eta, Anitzak Ekimena, Euskal Herrian migrariak garen pertsonen plataformak, uste dugu herri honetan bizi garen guztiok, hiritar antolatu zein norbanako, bat egin behar dugula gainera datorkiguna eta sistemak hartutako norabidea salatzeko. Esparru hau eta data hau ez diren inoren jabetza. Borroka zelai bat da, onarpen ariketa bat eta gizarte justu eta askeagoa gura dugun eta euskal herritar sentitzen garen indarren bilgunea.

Hori horrela izanik, martxoaren 28an, zapatua, herri honetako hiriburuetan deitutako hitzorduetan zuen indarrak batzera dei egiten dizuegu.

> Berria: Homofobia > BAIONAKO APEZPIKUAREN IRITZIA KRITIKATU DU LGP BIARRITZ ELKARTEA

  • Baionako apezpikuaren iritzia kritikatu du Ligue [i.e. Lesbian] Gay Pride elkarteak
  • Gara, 2009-03-12
Nicolas Sarkozyren Gobernuak proposatu aitamabitxien lege egitasmoaren inguruan Baionako apezpikuak bere iritzia plazaratu zuen larunba- tean, familiari «iraina» dela adieraziz. Marc Ailletek elizbarrutiko webgunean adierazitakoen aurrean Biarritzeko Ligue [i.e. Lesbian] Gay Pridek erantzun publikoa eman du apezpikuaren testua «onartezina» dela agertaraziz.

Norberarenak ez diren haurrak hezitzen dituzten helduei eskubideak eta eginbeharrak eman nahi dizkie legeak. Apezpikuak sexu berdineko bikoteek haurrak adoptatzearen aukera ematea- ren kontra agertu da «bortizki».

LGPk «sinismen giristinoa eta homosexualitatea» bateragarriak direla oroitu nahi izan dio Ailleti, «homosexualitatea eta aitatasuna eta amatasuna» bezala.

2009/03/08

> Komunikatua: Donostiako Koordinadora Feminista > KAPITALISMO MATXISTAREN AURKA: IRAULTZA FEMINISTA!!!

  • KAPITALISMO MATXISTAREN AURKA: IRAULTZA FEMINISTA!!!
  • EHGAM-DOK EUSKARAZ, 2009-03-08 # Donostiako Koordinadora Feminista
Lehenik eta behin manifestazio honetan parte hartzeagatik zoriondu nahi zaituztegu. Aldarrikatzeko kalea okupatzea bera arrakasta da guretzat.

Gaur, martxoaren 8an, feministok kalea okupatu dugu gure bizitza antolatzen duten egitura sozialak salatzeko. Gaur egungo sistema kapitalista salatu nahi dugu bere logika matxista, hierarkiko eta konpetitiboaz indarkerian eta injustizian oinarrituriko baliabideen banaketa sistema ezartzen baitu.

Ez dugu krisi honetan sinisten; etekinak inolako lotsarik gabe mahai gainean jartzen dituzte; ondo zihoala esaten zigutenean ere ez genuen sinisten sistema honetan. Zergatik jarraitu behar dugu entzuten beste sistema ekonomiko batzuk porrot egin dutela? horrek zer esan nahi du, gaur egungo sistema ekonomikoak arrakasta izan duela? Ze ikuspuntutik baloratzen da baikortasunez desberdintasun handiagoak sortu dituen sistema ? Beraienetik; heterosexista ikuspuntutik, hau da gizon-aberats-zuri-heterosexualaren ongizatea kontutan hartuz; emakumeen lan ikusezin eta doakoak sortutako ongizatea hain zuzen ere.

Eta orain, zuen numeroek esaten dizuete sistema hau ez doala ondo? Sistema hau sekula ez da izan justua pertsona guztientzat. Non zeundeten pobreziaren feminizazioa eta jende aberats eta pobrearen arteko aldea salatzen genuenean? Aberastasuna pilatzen, desberdintasuna pilatzen…honek ez du zerikusirik zuen numeroekin, betiko hierarkia patriarkala da hau!!

Bizi garen sistema ekonomiko eta sozial hau lanaren banaketa sexualean oinarritzen da. Egitura honek familia lehenesten du, emakumeok etxeko lan eta zaintza gehienak egiten ditugun gunea; ordaindu gabeko lana erreprodukzio sistema guztia oinarritzen den indar motorea baita. Karga familiarrak izanik lan merkatuan sartzen garen emakumeok, kanpoan lan egitetik aparte, etxeko guztiaz arduratu beharra izaten dugu: janaria, umeak, adineko eta gaixoen zaintza…jardunaldi murrizketa guretzat zuzenki egina, berriz ere pobreago baina lan gehiagorekin.

Emakumeok lan munduan diskriminatzen gaituzte, bigarren mailako hiritarrak gara, emakume izateagatik gutxiago kontratatzen gaituzte eta, gainera, gutxiago kobratzen dugu.

Oraindik egoera okerragoan gaude langile sexualak, ilegalizaziotik gertu, isiltasuna eta estigma sozialera baztertuak; transexualak, trans eta emakume izateagatik diskriminazio bikoitza jasanez; lesbianak, lan gehienetan armairuan egon beharrekoak; etxeko langileak, ekonomia prekarioan murgildurik; paperik gabeko etorkinak, beraien oinarrizko eskubiderik gabe bizi behar dutenak. Lan ikusezinak, onartu gabeko lanak, ez INEMek ez Langaik ezta Eustatek ere, inork ez daki ezer gutaz!

XXI. mendean, oraindik ere, emakumeok engainatzen gaituzte. Ez gara zifretan agertzen, ezta kontratu ez eskubideetan ere. Eskubide sozialak eskatzen ditugu, eskubide politikoak, eskubide laboralak, gure gorputzaren eskubidea baita ere. Gaur egun, oraindik hemen, abortatzea ilegala da! Gaur egun, oraindik hemen, emakumeen kontrako indarkeria dago!

Gaur kalera atera gara guztiontzat juxtuago izango den mundu feminista exijitzeko; helburu sozialak ez direla moda bat gogoratzeko eta gutxi batzuen botere eta desberdintasun pilaketaren gainetik egon behar dutela aldarrikatzeko.

Emakumeei dei egin nahi diegu antola daitezen eta borroka feministan parte har dezaten sistema matxista eta kapitalista honen kontra. Ez ditzagun sinistu zapaltzen gaituzten diskurtsoak, ez ditzagun eman lortzea hainbeste kosta zaizkigun eskubideak eta jarrai dezagun mundua iraultzen.
  • GORA EMAKUMEON BORROKA!!!
  • GORA BORROKA FEMINISTA

> Berria: Salaketak > HOMOFOBIAREN AURKA ELKARRETARATU DIRA GASTEIZEN

  • Homofobiaren aurka elkarretaratu dira Gasteizen
  • Zinpekoen epaimahai batek Galizian bi gazte gay hil zituen gizona absolbitu izana salatu du EHGAMek
  • Berria, 2009-03-08 # Erredakzioa • Gasteiz
“Homofobia ez Justizian ez inon” lelopean, elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek atzo Gasteizen, EHGAM Euskal Herriko Gay-les Askapenerako Mugimenduak deituta. Zinpeko epaimahai batek Vigon (Galizia) bi gazte homosexual hil zituela aitortu zuen gizona absolbitu izana salatu dute elkarretaratzean.

EHGAMeko kide batek azaldu zuenez, epaitutako gizonak aitortu egin zuen hilketa; bi gazteei 57 labankada eman zizkiela eta ondoren etxeari su eman ziola azaldu zuen. Ordea, zinpeko epaimahaiak absolbitu egin zuen akusatua, hilketa horiek «eraila edo bortxatua» izateko «gaindiezinezko beldurrak jota» eta «bere buruaren defentsan» egin zituela argudiatuta.

Erabaki hori gogor salatu zuen EHGAMek atzoko protestan. Taldearen irudiko, «epai horrekin, epaimahaiak erailketa homofoboak babesten eta justifikatzen ditu, eta, era berean, zigor gabeko gorrotozko krimenei ateak irekitzen dizkie».

2009/03/07

> Iritzia: Olatz Berastegi > KONTROLA; HEZIKETA

  • Kontrola; heziketa
  • Nerabeen sexu harremanak (III)
  • Berria, 2009-03-07 # Olatz Berastegi - Sexologoa
Pornografia, indarkeria, bortxaketak, geroz eta gehiago entzuten ditugun hitzak dira. Azkenaldian, horrelako hitzekin lotzen dugu sexualitatea. Ez al da susmagarria sexualitatea beti egoera negatiboekin lotzea? Gaurkoan ere, lege proposamena dela edo ez dela, hori ekarriko dut gogora.

Sexualitatea pertsona guztiok dugun ezaugarri bat da. Guztiok, emakume eta gizon izanik, gure gorputza bizitzeko eta sentitzeko era daukagu. Horrela, sexualitateaz hitz egiteak sexualitateak -pluralean- aldarrikatzera eraman beharko gintuzke: zenbat pertsona, hainbat errealitate.

Gure gorputza gurekin daramagu jaiotzetik hil arte, eta etengabe harekin harremana eraikitzen ari gara; hori bai, ezin dugu ahaztu gure bizitzan baditugula memento zailagoak; garai jakinetan, gure gorputzarekiko harremana osasuntsu eraikitzeko, besteen babesa behar dugu, haurtzaroan eta nerabezaroan, adibidez. Haurrak eta gazteak babestu behar ditugu helduok. Haien bizipenak ulertzeko, barneratzeko, norberaren identitatea osatzeko... euskarriak eman behar dizkiegu.

Horretan, beraz, bat nator lege proposamenaren oinarriarekin, hau da, haurrak eta gazteak babestu behar dira, indarkeriarik jasan ez dezaten. Baina hori ez gertatzeko zer-nolako bideak hartu behar diren aztertu beharko genuke. Horregatik, legeak planteatzen duenaren aurrean, hausnartzeko puntu batzuk nabarmenduko nituzke:

1. Legea aplikatzeko gertaera bat aztertuko da, baina nork aztertuko du? Nori dagokio norberaren bizipena aztertzea? Norberaren errealitatearen azterketa egitea norberari dagokio. Besteok, kanpotik begiratzen dugunok, errealitate hori analiza dezakegu, datuak aztertu, baina inola ere ez interpretazio bat eman. Noski, norberari bere errealitatea interpretatzen laguntzeko euskarriak eman diezazkiokegu. Hori bai, besteen errealitatea aztertzeak errespetuzko jarrera eta askatasunean oinarritutako begirada eskatzen dituela ahaztu gabe.

2. Legean aipatutako jarrerak ikusten ditugunean, gure helburua zein da? Epaitzea edo pertsonari hezten laguntzea? Pertsonei hezten lagundu nahi badiegu, bide zuzenena heziketa dela esango nuke, heziketa integralaren bidea. Gaur egungo heziketa sexuala aztertu beharko genuke, hezkuntzan ze tarte eskaintzen zaion, zer-nolako interbentzioak egiten diren, zein adinetan eskaintzen den... Gaur egungo hezkuntzan, esaterako, zer garrantzi dauka gorputzak? Hezkuntza sistemak zein euskarri eskaintzen dizkigu gure jarrerak ulertzeko, geure burua hezteko?

3. Aipatutako egoerak ekiditeko, zer erantzun eraiki nahi ditugu gizartean? Epaiketan oinarritutako interbentzioa? Ez al diogu geure buruari galdetu behar zer gertatzen ari den horrelako egoerak suertatzeko? Indarkeriari aurre egiteko gure sexualitatea kontrolpean eduki behar al da?

4. Sexu harremanak arautzeaz ari garenean, zertaz ari gara? Besarkadak, laztanak, sexu harreman gisa hartzen dira? Horiek arautzeak babesa ematen du? Edo beldurra sortzen du?

5. Horren guztiaren atzean norbaitek planteatzen al du haur edo gazteek zergatik dituzten sexu harremanak?

6. Helduak eta haurrak besarkatzen, musukatzen, masajeak ematen ikusten ditugunean zerbait lizuna egiten ari direla pentsatu behar al dugu?

Pertsonen arteko sexu harremanak errespetuan oinarrituta eraikitzeko, hezkuntza da jorratu beharreko bidea. Legean aipatzen diren egoerak epaitzeko hainbat neurri hartu beharko dira, eta horretarako dirua beharko da. Zergatik ezin dugu diru hori osasun hezkuntza eraginkorra eraikitzen erabili? Hori bai, hezkuntza sexuala eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da gaurko eredua aldatzea. Hau da, gaur egun heziketa sexuala egiten dela esaten da, baina hori oso puntuala da. Heziketa sexuala interbentzio puntualetara mugatzen da, eta askotan praktika sexual batzuen ondorioak ekiditera bideratzen da.

Hezkuntza sexual eraginkorrak geure burua ezagutzera bultzatzen gaitu, neska eta mutil izatea ulertzeko euskarriak eskaintzen dizkigu. Horrez gain, elkar ulertzera, elkarrekin bizitzera eta elkarrekin eraikitzera eramaten gaitu. Heziketa horrek kontuan hartzen ditu haurrak -pertsonak-: haien desioak, beharrak, eta norberaren berezitasunak. Beraz, azterketa bat egingo bagenu, ez da zaila konturatzea, oraindik ere, lan asko egiteke dugula. Ekin diezaiogun lanari, baina ezin dugu ahaztu indarkeria eta bortxaketak ekiditeko ez dugula sexualitatea kontrolpean jarri behar.

2009/03/06

> Iritzia: Imanol Alvarez · EHGAM > DELITUFILIA ETA DELITURASTIA

  • Delitufilia eta deliturastia
  • Nerabeen sexu harremanak (II)
  • Berria, 2009-03-06 # Imanol Alvarez - EHGAM taldeko kidea
Hilaren 17an, Madrilgo Diputatuen Kongresuan, esplotazio eta abusu sexualen aurrean haurrak babestearen beharraz EAJk aurkezturiko legez besteko proposamen bat onartu zen aho batez. Normala. Nor ez dator bat, bada, abusu eta esplotazioaren aurka umeak babestearekin?

Gehiegitan gertatzen den bezala, ordea, proposamen horretan argi-ilun kezkagarriak daude.

Lehenengo eta behin, argitu beharko genuke zer den umea. Ume, nerabe edo gazte gauza bera ote diren. Olabarria jaunak berak, bere ahozko azalpenean, proposamena arrazoitzean, Mari Luz 5 urteko neskatoaren desagerpena eta Marta 17 urteko gaztearen hilketa aipatzen ditu. Txarto hasten gara, bada. Horrek gogora ekartzen digu paradigmatiko bihurtu zen Arny kasua. Pederastiaz eta pedofiliaz hitz egiten zen etengabe, eta ustezko biktima gaixoak 17 urteko mutilak ziren, gaizkile izatetik gertuago zeudenak biktima izatetik baino.

EHGAMen hasiera-hasieratik pentsatu dugu sexu-harremanetarako onespen adina jartzea ez dela, berez, beharrezkoa, nor bere heldutasun sexualera -nolabait esatearren- une diferentean irits daitekeelako. Halere, jartzekotan, zentzuzkoa izan beharko du. Adibidez, 70eko hamarkadan, nesken onespen adina 23 urtekoa zen, eta mutilona 21, gaur egun barregarri suerta dakigukeen arren. Ezkontzeko adina, berriz, 12 urtekoa zen neskentzat, eta 14 mutilontzat; beti ere, jakina, gurasoen oniritziarekin. Hura hipokresia adierazgarria!

PSOEk 12 urte proposatu zuenean 1995ean, zentzuzkoa iruditu zitzaigun, eta, azkenean -PPren presioak medio-, 13 onartzea izugarrizko lorpena zan da. Gu geu gazteak ginen, eta bagenekien zer zen ezin lasai ligatzea ia ia NA eskatzen ibili gabe. Modu berean, 14-16 urteko neska-mutil nahikotxo hurbiltzen ziren gugana, onespen adinaz galdezka edota jaitsarazteko zerbait egin genezan eskatuz.

Ez dugu uste, hortaz, adina igo behar denik. Erabat kontra gaude. Baina, igoko balitz, ezkontzekoa ezingo litzateke beherago ezarri. Bestela, umeak defendatzearen aitzakiaz, ulertuko genuke politikari horiek India aldean eta herri musulmanetan gertatu ohi direnen moduko alaben saltzeak-edo ahalbideratuko dituztela.

Adina gorabehera, EAJk aurkezturiko testuan anbiguotasun beldurgarriak daude, eta batzuetan errepresio absurduaren paroxismora heltzen da:

Behin eta berriro aipatzen du adintxiki eta halako hitzak (adingabe, adin txikikoak...), baina ez du zehazten onespen adinaz ari den ala ez. Gauza bera gertatzen da haur (haur prostituzioa, haur pornografia...) hitzarekin. Interpretatu ahal izateko, lehenengo jakin beharko genuke testu egilearentzat 17 urteko neska bat haurra den edo ez.

Salatuaren heriotza zibila proposatzen da, nola edo hala, besteak beste, kargu publikoa izateko edota lanbidean aritzeko inhabilitazioa ere eskatzen baita.

7. atalean, haur pornografia ikustea bera delitu izan behar duela dio. Hau da, Emulez jaisten baduzu, demagun, Los diez mandamientos (Hamar aginduak) izeneko artxiboa, pelikula ikusteko irrikan zaudelako, baina kasualitatez adar joleren batek (askotan gertatzen den bezala) eduki pornografikoa eskegi badu izenburu horren pean, umerik agertuz gero, akabo! Kartzelara bizitza guztiko. A, noski! Ahaztua nuen, pelikulak jaistea ere bada delitua.

Terminoen indefinizioa profitatuz, 9. atalean esaten du delitua izan behar dela adin nagusi batek adintxiki (?) bati sexu harreman adostuak izateko eskatzea bera.

3. puntuan adingabekoen askatasun eta indemnetasunaren kontrako delituen goraipamena zigortzea eskatzen da. Gu, ados. Baina, zer da goraipatzea? Zeren Konstituzioa aldatzea eskatzea ere Konstituzioaren kontrako delitua litzateke, askoren ustez...

Delituak asmatzeko obsesio paranoide honek izena eduki behar du. Delitufilia, agian? Deliturastia, akaso?

Eztabaida dezagun. Bai, horren guzti horren inguruan. Defenda dezagun, bai, askatasuna. Jazar eta zigor ditzagun, bai, bortxaketak, abusuak, engainuak... edozein adinetan. Are kemenago nahi badugu umeen kasuan, ados. Ez gaitezen ito, ordea, tabu eta beldur atabikoak baino beste oinarririk ez duten debeku eta errepresioetan.
  • Bihar: Olatz Berastegi, sexologoa.

2009/03/05

> Iritzia: Emilio Olabarria > ADINGABEEK BABESA MEREZI DUTE

  • Adingabeek babesa merezi dute
  • Nerabeen sexu harremanak (I)
  • Berria, 2009-03-05 # Emilio Olabarria • EAJko diputatua
Egungo gizarteak duen ezaugarri aipagarrienetako bat honako binomioan oinarritzen da: delitua izan daitezkeen ekintzen aurrean adingabeek duten ahulezia, eta zenbait kolektibo babesteko legedi penalak dauzkan hutsune ugariak; horien artean, konkretuki, ume eta adingabeek osatzen duten taldeari dagokiona. Are gehiago sexualitatearekin zerikusia duten delituak dauzkagunean aztergai.

Kasu hauek arreta berezia eskatzen dute, adingabeak bereziki sentiberak baitira askatasun sexualari eta intimitateari erasotzen zaienean. Gainera, uste baino gehiagotan erasotzailea biktimaren inguruko norbait izan ohi da, eta horrek adingabearengan sentimendu nahasiak sortzen ditu eta salaketa aurrera eramatea zailagoa izaten da. Hori gutxi izango balitz bezala, ez dugu ahaztu behar horrelako ekintzak intimitate ilunean egiten direla eta, beraz, horren adierazgarri diren frogak aurkitzea ez dela izaten erraza.

Horrexegatik, eta orain arte azaldutakoa ikusi ondoren, harritzekoa da Estatuak arazo honen inguruan idatzi diren hainbat lege eta normatiba berretsi ez izana. Hala nola Umeen sexu explotazioaren aurkako babesari buruzko R Aholkua (2001), Ziberdelinkuentziaren Inguruko Hitzarmena (2001eko azaroaren 23an Budapesten sinatutakoa), Europako Kontseiluko gobernuburu eta estatuburuen hirugarren goi bileraren ekintza plana (Varsovia, 2005eko maiatzaren 15ean eta 16an egindakoa), non ume eta adingabeen esplotazio sexualaren aurkako hainbat neurri adostu ziren.

Europako Kontseiluak ere, orain dela urte eta erdi, Lanzaroten, adingabeen babesa aztergai duen azken tresna juridikoa aurrera atera zuen: umeen sexu esplotazio eta abusuen aurkako babesari buruzko Europako Kontseiluaren hitzarmena. 27 estatuk sinatutako akordioa da hori, eta horien artean ez dago Espainiako Estatua.

Ez da berria, Estatuan, azkenaldian entzundako albisteek frogatzen duten bezala, zoritxarrez, pederastiarekin, ume eta adingabeen esplotazioarekin eta baita haur pornografiarekin ere zerikusia duten mafia eta sare ugari daudela. Horren froga, poliziak haur pornografiarekin salerosketan ibiltzen zen sare oso bat atxilotu zuela gaur esku artean daukagun proposamen hau Madrilen aurkeztu eta osoko bilkuran eztabaidatu eta gainditu zen egun berean.

Guztiok dugu buruan Marta del Castillo gaztearen kasua ere, baita Mari Luz Cortés umearena ere.

Orain arte azaldutakoa kontuan izanik, esan bezala, Kongresuak, talde guztien babesarekin, EAJk aurkeztutako legez besteko proposamena aurrera atera du, zeinak, besteak beste, honako oinarriak dituen: sexu harremanak baimentzeko gutxieneko adina igotzea, adina kontuan hartzea sexu erasoen kasuan, adin txikikoen aurkako sexu erasoen goraipamena juridikoki eta penalki aintzat hartzea, adin txikikoen aurka egindako sexu delituen zigorrak modu nabarmenean gogortzea, haur prostituzioa kontsumitzea delitu gisa hartzea, teknologia berrien bidez haur pornografia ikustea bera delitu gisa hartzea, haurrek parte hartzen duten ikuskizun pornografikoetara joatea delitutzat jotzea, teknologia berrien bidez haurrekin sexu harremanak izatea edo pornografiarako materialak sortzea proposatzea delitutzat jotzea...

Aipatutako oinarri horiek egun ordenamendu juridikoak dauzkan hutsuneak betetzera bideratuta daude. Hutsune horiek, jakina, gizartean alarma handia eragiten dute, babes handiena behar duen taldeak, hau da, gure ume eta adingabeak, orain arte behintzat, babes gabeko egoera batean egon baitira. Egoera horri amaiera jarri behar zaio.
  • Bihar: Imanol Alvarez, EHGAM-eko kidea

> Erreportajea: Sexualitatea > "EZ GARA BURUARINAK"

  • «Ez gara buruarinak»
  • Gizartearen zati batek uste duenaz bestera, nerabeek diote zentzuz jokatzen dutela sexu harremanak izaten dituztenean.
  • Berria, 2009-03-05 # Ainara Arratibel
"Berak daki gehien", esan du mutil batek, irribarrez, gelara sartu den eta ikaskide duen neskatoaz. Irribarre hori isiltasun eta lotsa bihurtu da eztabaidagai izango duten gaia azaltzean: sexualitatea. Olatz, Mikel, Alaitz, Xabier, Miren, Oier eta Leire -asmatutako izenak- dira, Oiartzungo (Gipuzkoa) Haurtzaro ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zazpi ikasle. 14 eta 16 urte artean dituzte. Oraindik izan ez dituzten arren sexu harremanak izateko adina informazio dutela diote. Prest ikusten dute beren burua horretarako. Garbi dute, gainera, sexu harremanak izaten dituztenean neurriak hartuz izango dituztela. «Hala egiten ez duenak beretzat kalte. Gu ez gara buruarinak», aldarrikatu dute. Agurtzane Ormatza sexologoa eta Jaione Ugaldebere irakaslea bat datoz horrekin. «Jende askok uste baino zentzudunagoak dira alor horretan». Hori bai, biek nabarmendu dute nerabezaroa jakin-minez, beldurrez, desioz, fantasiaz eta zalantzaz betetako adina dela eta horrek askotan egoera deseroso eta zailetan jartzen dituela. «Egoera horiek nola gainditu irakastea da kontua», dio Ormatzak. Hori heziketaren bidez lortzen dela uste dute biek, eta horren ardura partekatu egin behar dela guraso, irakasle eta sexu hezitzaileen artean.

EAJren ekimenez, Espainiako Kongresuak legez besteko proposamena onartu zuen duela aste batzuk, sexu harremanak izateko onartutako gutxieneko adina igotzeko. Espainiako Zigor Kodeak 13 urtetan ezarria dauka muga sexu harremanak baimentzeko. Proposamenean ez dute zehaztu zenbat igoko duten, baina EAJk egoki ikusten du 14 urtera igotzea.

Emakundek abenduan aurkeztu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nerabeen inguruko azterketa. Han azaldu zutenez, EAEko nerabeek 15 urterekin izaten dituzte, batez beste, lehen sexu harremanak. «Datu horrek erakusten du, gizartean bestelako ustea dagoen arren, gauzak ez direla horrenbeste aldatu urteei dagokienez. Atzera begiratu, eta ikusiko genuke gure aitona-amonak zein adinekin ezkotzen ziren, eta zein adinekin izaten zituzten sexu harremanak: askotan, 15-16 urterekin. Ikuspegi historiko-antropologiko hori oso garrantzitsua da», dio Ormatzak.

Musuak eta horrelakoak bai, baina zazpi gazteek diote oraingoz ez dutela sexu harremanik izan. Batek, halere, izan dituen lagun bat baduela dio. «Lotsa ematen zion kontatzea, baina azkenean atera egin genion», azaldu du Oierrek. Lehen aldiaz hitz egin berri dute ikastolan afektibitate sexualari buruzko eskoletan, eta gehienek kezka bat dute: «Gaizki pasatzen al da?».

Halako gauzek garbi erakusten dute, Ugaldebereren ustez, oraindik ere mito, beldur eta fantasiaz beteta daudela. Hain zuzen ere, horregatik, Ormatzak garrantzi berezia ematen die hainbat ikastetxetan sexualitateari buruz ematen diren ikastaroei. Berak 15 urte daramatza halako ikastaroak ematen: «Kasu askotan nahasgarria izan arren, gaur egun informazioa mordoa dute sexualitatearen inguruan. Baina sentimenduen alorra ere lantzen dugu eskola horietan. Gaiaren inguruan dituzten beldurrak, nahiak, fantasiak eta zalantzak argitzen eta gainditzen laguntzen diegu. Sexualitatea ez da soilik harreman koitala; sentimenduak ere sexualitatearen parte dira. Hori ez dugu ahaztu behar».

Antisorgailuen erabilera
Emakunderen azterketaren arabera, nerabeen %90ek antisorgailuak erabiltzen dituzte sexu harremanetan. Zazpiek eurek ere hala egingo dutela diote. «Inozoak ginateke hala egingo bagenu. Ni ez nago prest nire gaztaroa pikutara bidaltzeko neurriak ez hartzeagatik. Adin honetan ez gaude prest umeak izateko», dio Olatzek. Ez dituzte ahazten, gainera, sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunak.

Hori bai, bakar batek ere ez darama aldean kondoirik. «Aitak harrapatuko banindu, azalpenak eskatuko lizkidake. Gainera, behar izanez gero, tabernetan eta botiketan saltzen dituzte».

Teoria ondo ezagutzen dute, eta, aipatutako datuek erakusten dutenez, praktikan aplikatzen dute. Baina, benetan, horrela al da? Ormatzak baietz iritzi dio. «Nagusi asko baino arduratsuagoak dira. Nahi gabeko haurdunaldien kopurua ikustea besterik ez dago, eta zein adin tartetan gertatzen den abortu gehien: 25-35 urte inguruan. Antisorgailuen erabileran beherakada bat izan bada, ez da izan nerabeen artean».

Baina zer gertatuko litzateke haurdun geratuko balira? Abortuaren gaia ateratzen da orduan, eta denek nabarmendu dute oso kontu pertsonala dela. «Bikotekideen artean erabaki behar duten zerbait da», uste du Leirek. Mikelek dio gurasoei bikotekidea haurdun dagoela ezkutatuko liekeela, «oso agerikoa» izan arte.

Hori guztia kontuan hartuta, zalantzan jartzen dute sexu harremanetarako onartutako adina 13 urtetik gora igotzea. «Adina ez da garrantzitsuena, prestaketa baizik», uste dute. Beste ikuspegi batetik, Ormatzak ere zalantzan jartzen du erabakia. «Nik uste dut halako erabakiak beldurrak eraginda hartzen direla askotan, eta legedia behar baino gehiago sartzen dela intimitateari lotutako gaietan. Ez dut uste, gainera, alor horietan legea oso eraginkorra denik. Hortik harago joan beharko genuke, eta ahaleginak hezkuntzan egin. Arauetan baino gehiago, heziketan dago gakoa».

Heziketaren garrantzia
Masturbazioa izan ohi da ikastaroetan lantzen duten beste gaia. Kasu horretan lotsak agertzen dira, batik bat nesken artean. Hala diote, behintzat, Xabierrek, Mikelek eta Oierrek. «Guk errazago kontatzen ditugu gauzak». Ugaldeberek berretsi egiten du hori. «Mutilek lotsarik gabe esaten dute masturbatu egiten direla; batzuek oso harro, gainera. Neskek ere egiten dute, ziur, baina ezkutatu egiten dute. Lotsa ematen die kontatzea. Urteetako ereduen ondorio da hori».

Bide horretan, hezkuntzaren garrantzia nabarmendu dute Ugaldeberek eta Omartzak. Haien arabera, hezkuntza sistemak ez dio merezi duen garrantzia ematen sexu heziketari. «Ikastetxe bakoitzaren esku uzten dute horretarako ekimena. Saiatzea merezi du, ikasleek asko eskertzen baitute».

Zertxobait aldatzen ari den arren, Ugaldeberek dio egun gurasoek eskolaren esku uzten dutela seme-alaben sexu heziketaren zati handi bat: «Erosoagoa egiten zaie». Hala, aurrerapauso bat emateko eskatu die Ormatzak gurasoei. «Gehienek uste dute gazteek asko dakitela sexualitateaz. Egia da gaur egun informazio asko dutela. Baina esperientzia beraiek dute, eta alor horretan seme-alabei balio batzuk helarazi nahi badizkiete, heziketaren ardura hartu behar dute».

Horretan, halere, aldaketa bat gertatu beharko litzateke. Izan ere, zazpiek diote etxean ez dutela sekula gaiaz hitz egiten. Xabierrek, gainera, nahiago du hala izatea. «Ez baditut sekula nire gurasoak musu ematen ikusi, pentsa zer izango litzatekeen haiekin sexuaz hitz egitea. Ez nintzateke eroso sentituko».

Ormatzaren ustez, egoera horren jatorria topatzeko, atzera egin behar da. «Urteetan desio eta maitasun adierazpenak ezkutuan egon dira, eta zaila da hori aldatzea. Guretzat oso zaila da pentsatzea gurasoak edo aitona-amonak sexudunak direla, sexu harremanak dituztela. Nerabeei ere hori gertatzen zaie». Alderantziz ere izaten da, Ugaldeberen arabera: «Gurasooi kosta egiten zaigu seme-alabak koskortu egin direla eta sexu harremanak izan ditzaketela onartzea. Baina ahalik eta naturalen jokatu behar dugu».

Zer da sexu harremanak izateko onartutako adina?
Legeak sexu harremanak izateko ezarritako gutxieneko adina da. Adin horretatik behera, legearen ikuspegitik, sexu harremanak izateko emandako onarpena ez da nahikoa. Tartean adin nagusiko pertsona bat badago, bortxaketa edo sexu abusuen delitua egingo luke pertsona horrek.
  • EBn sexu harremanetarako onartutako adina
  • Alemania: 14 urte.
  • Austria: 14 urte.
  • Belgika: 16 urte.
  • Bulgaria: 14 urte.
  • Danimarka: 15 urte.
  • Eslovakia: 15 urte.
  • Erresuma Batua: 16 urte.
  • Errumania: 15 urte
  • Eslovenia: 15 urte.
  • Espainia: 13 urte.
  • Estonia: 14 urte.
  • Finlandia: 16 urte.
  • Frantzia: 15 urte.
  • Grezia: 15 urte heterosexualentzat eta 17 gizon homosexualentzat.
  • Herbehereak: 16 urte.
  • Hungaria: 14 urte.
  • Irlanda: 17 urte sarketarako, eta 15 urte bestelako sexu harremanetarako.
  • Italia: 14 urte.
  • Letonia: 16 urte.
  • Lituania: 14 urte.
  • Luxenburgo: 16 urte.
  • Malta: 18 urte.
  • Polonia: 15 urte.
  • Portugal: 14 urte.
  • Suedia: 15 urte.
  • Txekiar Errepublika: 15 urte.
  • Zipre: 17 urte.
Nerabeen %64k bikotekidea izan dute noizbait
Emakundek nerabeen inguruan kaleratutako azken ikerketan parte hartutako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteen %64k bikotekidea izan dute noizbait.

14 eta 17 urte bitarteko 970 gaztek hartu zuten parte Emakunderen ikerketan. %90ek esan zuten sexu harremanak izateko orduan neurriak hartu zituztela. Gehienek kondoia erabili zuten.

Fideltasunari dagokionez, mutilek gutxiago erakusten dute. Hala, %12,4k aitortu zuten sexu harremanak izan zituztela ezagutu berri zituzten pertsonekin.

Gainera, neskek garrantzi handiagoa ematen zioten bikotekide egonkorra izateari harremanak izateko garaian.

> Berria: Sexismoa > HIZKUNTZA BAINO, HIZTUNA BERA DA SEXISTA, LLEDO FILOLOGOAREN HITZETAN

  • Hizkuntza baino, hiztuna bera da sexista, Lledo filologoaren hitzetan
  • Gara, 2009-03-05 # Janire Arrondo
Gehitu Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen elkarteko lesbianen sailak antolatuta, hitzaldia emango du bihar Eulalia Lledo Cunill filologoak Donostiako Arrasate kaleko Kutxa aretoan iluntzeko zortzietan. «Lengoaia ez sexista» du izenburu hitzaldiak eta bertan hizlaria hizkuntza sexista eta emakumeen aurkako indarkeriari hedabideetan zein trataera ematen zaion azaltzen saiatuko da.

Lledo Filologia Erromanikoan doktorea da eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasle eta Tarragona eta Lleidako hainbat unibertsitaterekin lanean aritua da. Urteak daramatza hizkuntzaren erabilera aztertzen eta hizkuntza komunikaziorako tresna baino zerbait gehiago dela ikasi du.

Filologoak hizkuntzaren erabilera androzentriko eta sexistaren zergatia aztertu du. Lledok GARAri adierazi zionez, «hizkuntza ez da baztertzailea edo sexista, erabiltzen duen pertsona baizik». Bestalde, pertsonen ideologia edo pentsaera «erakusten» du hizkuntzak hizlariaren ustez. «Izan ere, inor arrazista, homofobo edo sexista bada, hautatzen dituen hitz eta esamoldeetan nabarmenduko zaio».

«Arazoa emakumeak itzalpean uzten dituen esamoldeak erabiltzen direnean agertzen da», adierazi du filologoak. Maiz, genero maskulinoaren erabilera lehenesten da, genero femeninoa baztertuz. Hiztegia hautatzerakoan maskulinoa hautatzen bada, ordea, «gizartearen erdia albora uzten ari gara», Lledoren iritziz. Beraz, ez da hautaketa soil bat, hor «diskriminazioa» gertatzen da.

Bestalde, emakumeak gizartean duen papera aldatzen joan den heinean, «hizkuntzan isla izan du horrek» hizlariaren esanetan. Hala ere, oraindik «gizonezkoaren papera nagusiagoa da», azaldu zuen. Lledoren hitzetan, «emakumea lan munduan egotea ez da berdintasunerako tresna», izan ere, oraindik «etxeko kargak emakumeen gain jarraitzen du».

Komunikabideak
Orokorrean, gizartearen pentsaera aldatzen joan den moduan, komunikabideetako hizkuntzaren erabilera ere aldatuz joan da. Lledok hedabideek emakumeen kontrako indarkeriaren gaineko albisteei zer-nolako trataera ematen dieten ere aztertu du. Filologoaren ustez, hainbat aurrerapauso eman dira alor horretan. Esaterako, «'pasio krimen' esamoldea alde batera utzi eta 'genero indarkeria' erabiltzen dute orain».

Alabaina, oraindik ere «badira bazterrean uzten diren informazioak», Lledoren ustez.

2009/02/26

> Berria: Ikuskizunak > MIRANDE KABARETA, APARRAK ESTALITAKO ZIZTADAK

  • Aparrak estalitako ziztadak
  • Edorta Jimenezen 'Mirande kabareta' obra Korrika Kulturalaren barruan estreinatuko dute, gaur, Bilboko Balcon de la Lola aretoan. Ane Zabalak eta Galder Perezek taularatuko dute, Txuma Murugarren eta Rafa Acebesekin
  • Berria, 2009-02-26 # Irune Berro • Bilbo
Honako hau idatzi zion Andima Ibiñagabeitiak Jon Miranderi, 1951ko azaroan igorritako gutun batean: «Dirua izango banu, eta Donostian edo Bilbon biziko banintz, euskal kabareta irekiko nuke, orkestra txiki batekin, edonolako eta edonongo eresiak euskaraz emateko». Gertaera hura deigarria begitandu zitzaion Edorta Jimenez idazleari. Lantzeko interesgarria, zabaltzeko egokia. Eta halaxe ekin zion Mirande kabareta obra idazteari, jazoera hura gogoan hartuta, eta ikuskizun lotsagabe eta zirikatzailea sortzea helburu jarrita. Ibiñagabeitiak Miranderi aitortutako ametsa bete du Jimenezek, eta Korrika Kulturalaren barruan estreinatuko du gaur, Bilboko Balcon de la Lola pubean (20:00).

Ane Zabala eta Galder Perez aktoreek eta Txuma Murugarren eta Rafa Acebes musikariek taularatuko dute Jimenezek sortutako obra. Idazleak ikuskizunean parte hartuko du, halaber. Miranderen ahotsa izango da. Oihal baten atzetik mintzatuko da, Miranderen beraren itzala iradokiz.

Obrak «kabaret politiko sozialaren» ezaugarriak izango ditu. Halaxe azaldu du Jimenezek. «XX. mendean, kale antzerkia zen kabareta. Egunerokoaren harira, sexua eta ziriak nahasten zituzten kabaretean, eta politikari astindu itzela ematen zioten».

Jimenezek idatzi duen testuak, horrenbestez, osagai horiek ditu: umorea eta kritika garratza. «Politikoki zuzena ez izaten saiatu naiz. Eta aktoreei gauza bakarra eskatu diet: prozesu horretan nirekin batera aritzeko». Ikuskizunean zuzendaririk ez baitago. «Denon artean osatu dugu obra, denok izan gara gidari», azaldu du Jimenezek. «Eta kabaretaren espiritua ahalik eta ondoen aurkezte aldera, ahalik eta lotsagabeen jarduten saiatu gara», nabarmendu du idazleak.

Olerkiak, musikaturik
XX. mendeko kabaretetan bezala, Mirande kabareta lanean, musikak garrantzi handia du. Eta arlo horretako lana egiteko, Txuma Murugarrenengana jo du Jimenezek, «bera delako euskal musikaren munduan lan horretarako soslairik egokiena duen musikaria; bere ahotsa, bere presentzia... zuzenean aritzean erakusten dituen indarra eta nortasunak balio handia dute kabaretean». Pianoan, berriz, Rafa Acebes ariko da, «Murugarrenekin batera jo ohi duen pianista aparta». Miranderen olerkiak musikatu dituzte bien artean. Horretaz gain, kabaretean ohikoak diren piezak joko dituzte Murugarrenek eta Acebesek.

Abestiek lotuko dituzte eszenak. Musika izango da obra gidatuko duen haria. Miranderen ahotsa gaurko egunetara ekartzeko aitzakia. «Iraganetik mintzatuko da Mirande, baina gaur egungo kontuez ere hitz egingo du».

Mirande pertsonaia ez dela politikoki zuzena izango azpimarratu du Jimenezek. «Inor baino ez-zuzenagoa izango da». «Bizirik zegoela esaten zuena esango du Mirandek: adibidez, bera ez zela faxista, nazia baizik».

Besterik ere esango du Mirandek, Jimenezen ahotsaren bidez: «Gehiago dira gure herrian euskara hitz egiteari uzten diotenak, euskara ikasteari ekiten diotenak baino». Mirandek euskara ikasteko ahalegina egin zuen; haren arrebak, ostera, ahazteko ahalegin sutsuak egin zituela dio Jimenezek, «frantsesez euskaraz baino hobeto jakin nahi zuelako». «Gaur egun ere gertatzen da Euskal Herrian: gehienek ahalegina egiten dute gaztelaniaz ondo mintzatzearren, pretérito pluscuanperfecto eta guzti. Eta euskara hobetzeko ez dute ahaleginik egiten. Areago: batzuek hitz egiteari uzten diote», salatu du idazleak.

Alabaina, obran Miranderi buruzko tesirik ez dutela egin ohartarazi du. «Ezta haren biografia kontatu ere». Idazlearen pentsabidea hainbat gairen inguruan jendea zirikatzeko aitzakiatzat hartu dute. «Ikus-entzuleei zer pentsatua emateko».

Denbora luzean, Jimenezek buruan jirabiran izan dituen gaien inguruan arituko dira aktoreak eta musikariak. «Zuzentasun politikoaz denbora daramat pentsatzen; zer den politikoki zuzena eta zer ez, eta batez ere, zergatik. Adibidez, zer da politikoki zuzena homosexualitatearen aldetik? Ezkontzea? Zeren gay jendea ere ezkondu egiten da gaur egun. Eta... lagunok! Hain da garrantzitsua ezkontzea?», bota du airera galdera Jimenezek.

Obra lagun giroan ondu dutela azaldu du. Eta, dioenez, «funtsezkoa izan da lana aurrera ateratzeko». «Testua beldurrez aurkeztu nien, nola hartuko zuten ez nekien, baina primeran joan da dena, aktoreen lana, musikariena...». Azken emaitzarekin «oso pozik» dago idazlea. Baina obrari buruz hitzak neurtuz mintzatu da, antzezlaneko pasarte ugari beretzat gordez. Hainbat zati ez ditu aurreratu nahi. Haatik, «ezuste atseginez beteriko ikuskizuna» eratu dutela adierazi du idazleak.

Umoreak tarte handia du obran, kabaretean xanpainak bezala. «Baina burbuilak desegitean, gogoeta azaleratuko da, eta zapore mingotsa utziko du. Gogoeta eragilea da kabareta, tresna ideologikoa», uste du Jimenezek.

«Gaztelaniazko kolperik gabeko» obra dela nabarmendu dute
Mirande kabareta obra idazteko, euskara ez den beste hizkuntza bat ez duela erabili adierazi du Edorta Jimenez idazleak. «Euskarazko umorea egitean, tradizionalki azken kolpea gaztelaniaz izaten da», idazlearen arabera. «Ez daukagu umore autoerreferentzialik. Hau da, bere buruari begiratuz ateraldiak sortzen dituen umorerik ez dugu Euskal Herrian». Mirande kabareta lanean, berriz, gaztelaniara jotzen duen umore mota horri uko egin diola azaldu du; «tantaka homeopatikoa izan daiteke, baina dosi handian itogarria da». Harago doa Jimenez. Idazlearen iritziz, «euskarazko umore testuen azken buztankada gaztelaniaz izatea negargarria da».

> Berria: Trans > NAFARROA: TRANSEXUALEN ESKUBIDEAK ARAUTZEKO LEGEGAIA AURKEZTU DUTE

  • Transexualen eskubideak arautzeko legegaia aurkeztu dute
  • NaBaik aurkeztu du egitasmoa, Nafarroako Parlamentuan; onartuz gero, gisa horretako lehen legea litzateke
  • Berria, 2009-02-26
Transexualen eskubideak errespetatu eta betetzeko lege egitasmoa aurkeztu du Nafarroa Bai taldeak Nafarroako Parlamentuan. Lege egitasmo «integrala» dela azaldu du NaBaik; osasun arloko neurriez gain, transexualen eskubideak lantokietan, hezkuntzan eta gizartean jorratzeko zenbait neurri ere jaso dituzte lege proposamenean.

Parlamentuan bertan aurkeztu zuten egitasmoa, atzo. Nafarroa Bai taldeko Ioseba Ezeolaza parlamentariaren hitzetan, transexualitatea «ez da soilik kontzeptu biologikoa, baita psikosoziala ere». Transexualek zailtasun eta sufrimendu handiak izan ohi dituztela ohartarazi du Ezeolazak. Lege egitasmoa «pertsona transexualen erakundeek eta plataformek garatu duten borroka sozialaren adierazpen instituzionala» dela adierazi du. Ezeolazaren esanetan, NaBaik elkarte horiekin denbora luzez egin duen lanaren emaitza da lege proposamena.

NaBaiko parlamentariarekin, hauek izan ziren agerraldian: Martin Berenger Espainiako LGTB federazioko koordinatzailea, Ivan Garde Nafarroako transexualen Ilota Ledo elkarteko presidentea eta Carla Antonelli aktorea eta PSOE alderdiko transexualitate arloko koordinatzaile zena. Antonellik lege egitasmoa babesteko eskatu dio PSNri. Transexualek betebehar guztiak izan arren eskubideak ez dituztela era berean bermatuak ohartarazi du. Berengerrek, bestalde, nabarmendu du «mugimendu transexualaren betiko aldarrikapenak» daudela lege egitasmoan.

Legea onartuko balitz, Euskal Herriko gisa horretako lehen araudia izango litzateke. Egitasmoan, besteak beste, osasun zerbitzu publikoaren barruan unitate berezia sortzea eta sexua aldatu nahi dutenei zerbitzu kirurgikoa eskaintzea jaso dute. Horrekin batera, lantokietan diskriminazio positiboa egiteko eta hezkuntzan gaia lantzeko neurriak ere proposatu dituzte.

2009/02/20

> Elkarrizketa: Percy Fernandez > "HEMEN, INTERNETEN ERABILTZAILEEK KONFIDANTZA GUTXIAGO IZATEN DUTE"

  • «Hemen, Interneten erabiltzaileek konfiantza gutxiago izaten dute»
  • Percy Fernandez • Psikologoa: Gizonekin sexu harremanak izateko Internet erabiltzen duten gizonen ohiturak ikertu ditu Percy Fernandezek 'Intersex2006' azterketan. Atzo aurkeztu zituen ondorioak Donostian.
  • Berria, 2009-02-20 # Mikel Peruarena. • Donostia
«Internet, berez ez da arriskutsua», zehaztu du Percy Fernandez psikologoak (Lima, Peru, 1972). Baina sarean gizonekin sexua bilatzen duten gizonentzat arrisku gehiago egon daitezkeela ohartarazi du. InterSex2006 ikerketa gidatu du Fernandezek; gizonekin sexu harremanak dituzten gizonen Internet ohiturak aztertu ditu, eta sarean ere prebentzioa bultzatzeko beharra dagoela nabarmendu du. Internetek hazten jarraituko baitu: «Errazagoa, azkarragoa eta erosoagoa da».

Nola hasi zinen ikerketa hau egiten?
Nik egina nuen azterketa bat, gizon homosexual eta bisexualen praktika arriskutsuei buruz, beste herrialde batzuetan -AEBetan, Kanadan eta Ingalaterran, adibidez- agertu zelako praktika horien gorakada eta, ondorioz, sexu bidezko gaitzak harrapatzeko arrisku handiagoa. Egin nituen elkarrizketetan, gizon gehienek esan zuten Internet erabiltzen zutela sexu harremanak bilatzeko. Eta jakin-mina sortu zitzaidan, Internetek zer eragin izan zezakeen praktika arriskutsuen hedatzean.

Internetek aldaketa handia ekarri du harremanak egiteko moduan?
Begibistakoa da. Internetek bizitza sozialean eragina du, eta bereziki gizonekin sexu harremanak dituzten gizonen artean. Nik ez dut aurkitu ikerketarik, jakiteko biztanleria heterosexualean eragin bera duen Internetek, sexua aurkitzeko orduan. Baina gay batentzat aski da Interneten solasgune batean sartzea, eta bost minutura aukera izan dezake gizon batekin sexua egiteko gelditzeko.

Ikerketa egin ostean, arriskuak handiagoak direla ondoriozta liteke?
Oro har, ez da aurkitu praktika arriskutsuetan alde handirik, baina aurkitu ditugu beste aldagai batzuk. Adibidez, Interneten erabiltzaileen artean, azken urtean sexu bidezko gaitzen bat eduki duen jende gehiago dago, eta drogaren kontsumoa handiagoa da. Babestu gabeko sexu harremanen eta droga kontsumoaren arteko harreman handia ere nabaritu dugu. Eta jende gehiago dagoela hiesaren probak egin ez dituena. Aldagai horiek pentsarazi digute arrisku gehiago dutela Interneten sexua bilatzen duten gizonek.

Internet bidez zitak egiten dituztenen artean erlaxazio handiagoa dagoela esan duzue aurkezpenean...
Kontua da konfiantza sortzen dela. Interneten sartu, solasean hasi... Eta zitara zoaz konfiantza batekin, pentsatuz pertsona hori sano dagoela, ezagutzen duzula.

Bartzelonan, Madrilen, Bilbon eta Donostian egin duzue ikerketa. Aurkitu duzue ezberdintasunik?
Hiri bakoitzak baditu bere ezaugarriak. Bartzelonak antza gehiago du beste herrialdeekin; Internet arrisku faktore izan liteke han. Madrilen, sexu bikotekideak aurkitzeko orduan, ez du hainbesteko pisua Internetek. Euskal Herrian ere ez, Internetek ez ditu baztertu giroko lokalak. 2006ko ikerketa da; ordutik aldatuko ziren gauzak seguruenik, baina.

Bilbon eta Donostian egindako azterketak ere baditu berezitasunak...
Bai, adibidez, sexu bikotekide gutxiago egotea. Babesik gabeko sexu praktika gutxiago ere bai, Madrilen eta Bartzelonan baino. Eta uzkitik sartzeko praktika gutxiago daude. Hemengo gizon askorentzat uzkitik sartzea ez da hain erakargarri edo atsegina. Nik uste, hemen, alderantziz gertatzen direla gauza batzuk: hemen Interneten erabiltzaileek konfiantza gutxiago izaten dute. Ez dakit, baina uste dut ezaugarri kulturalengatik izan litekeela.
  • Homosexualek «sexu segurua» baztertu dutela ohartarazi du Gehituk
  • Internet bidez sexua bilatzen duten gayen artean arriskuak ugaritzeko bidean direla uste du Stop Sidak
«Sexu segurua alde batera utzi du homosexualen kolektiboak». Koldobike Mujika eta Sergio Iñigez Gehituko kideek kezka agertu dute, gizonezko homosexualen artean praktika arriskutsuak ugaritzen ari direlakoan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gizon homosexualek hartu dituzte azken urteetako sifili kasuen %78 eta GIB giza immuno-eskasiaren birusaren kasuen %33. «Eredu izan ginen hiesa agertu zen lehen urteetan; identifikatu behar dugu zer gertatu den, zuzentzeko», adierazi du Iñigezek.

Internet, sexua eta gizonekin sexua duten gizonei buruzko jardunaldiak aurkeztu zituzten, atzo, Donostian, Mujikak eta Iñigezek. Haiekin egon zen Kati Zaragoza Stop Sida taldeko kudeatzailea, eta InterSex2006 txostenaren ondorioak aurkeztu zituen. Gizonekin sexu harremanak dituzten gizonen Internet ohiturak ikertu dituzte txosten horretan, eta inkestak egin dituzte Bartzelonan, Madrilen, Bilbon eta Donostian. Ikerketaren arabera, Bilbon eta Donostian, gizonek gutxiago erabiltzen dute Internet beste gizonekin sexu harremanak izateko. Babestu gabeko sexu harreman gutxiago izaten dituzte, eta, ondorioz, GIBdun gutxiago dago. Hala ere, Zaragozak nabarmendu du harremanetarako Internet erabiltzen duten gay guzien ia erdiek ez dutela inoiz GIB probarik egin.

«Internet harremanak egiteko esparrua berria da, eta sexu osasuna bultzatu behar dugu esparru horretan», Zaragozaren esanetan. Internetek ez duela arrisku gehiago edo gutxiago azaldu du, baina sexu praktika babestuen eta prebentzioaren beharra oroitarazi ditu: «Ez da datu esanguratsua, baina joera da Internet bidezko harremanetan sexu seguru gutxiago izatea».

2009/02/17

> Elkarrizketa: Ibon de la Cruz > "GIZARTE DIONISIAKO DATORKIGU, ETA NORTASUN GERLARIA HARTU BEHAR DUGU"

  • Ibon de la Cruz. Psikologoa: «Gizarte dionisiakoa datorkigu, eta nortasun gerlaria hartu behar dugu»
  • Psikologia praktikoaren inguruko hitzaldi sorta emango du pedagogo errenteriarrak gaurtik aurrera Donostian. Garai gogorra datorrela eta, horretarako prestatzeko tresnak erakutsi asmo die entzuleei.
  • Berria, 2009-02-17 # Edu Lartzanguren
Psikologoa eta pedagogoa da Ibon de la Cruz (Errenteria, Gipuzkoa, 1969). "Psicología práctica: hacia lo políticamente incorrecto" hitzaldi sorta emango du gaurtik aurrera Loiolako Kultur Etxean (Donostia). Gaur, gizon eta emakume ereduetaz jardungo du, "Estúpida guerra de sexos" izenburuko solasaldian, 19:00etan.

Politikoki zuzena dena gizakiok benetan ditugun desioen kontrakoa dela uste duzu?
Nire tesia zera da: gure gizartea asko zailtzen ari da, eta beste ikuspegi psikologiko bat behar dugu horri aurre egiteko, depresiorik gabe eta beldurrik gabe. Krisialdiaz gain, gizarteko giroa zein nazioartekoa zailtzen ari dira. Jendea beldurtzen ari da, eta hori ez da beharrezkoa. Tresna berriak aurkeztuko ditut gaur bizitzea errazteko, jendea indartzeko, norberak bere barruko talentua eta kemena ateratzeko.

Giroa nahasten ari den eragileetako bat sexuen arteko gerra deiturikoa da. Hori gainditzerik ba al dago?
Dagoeneko gaindituta izan beharko genituzkeen gauzetaz ari gara kezkatzen, gizon eta emakumeen arteko harremanetan. Alde batera utzi behar dugu emakume-gizon gizon lehia, eta seriotasunez hasi behar dugu etorkizunari heltzen. Ez dago gizonen eta emakumeen arteko alderik, pertsonen artekoa baizik. Interes handiak daude gerra horrekin jarraitzeko. «Lotsa ematen dit gizona izatea tratu txarrengatik», diote gizonek. Ez bada! Tratu txarrak egiten duena zoratuta dago, ez du nirekin zerikusirik, ez dut zertan lotsatu.

Gizon eta emakume irudiak desmuntatu behar dira horretarako?
Emakumeak eta gizonak nolakoak izan behar duten irudiak ezartzen dizkigute. Gizonok bi aukera ditugu: ar iberiarra izan edo metrosexual biguntxoa. Emakumeek, berriz, marujona edo superwoman. Nik erakutsi nahi dut badirela askoz eredu gehiago. Ez zaio jendeari esan behar nolakoak izan behar duten, baizik eta aukera eman euren nortasuna adierazteko.

Zergatik zaude amodio erromantikoaren aurka?
Oso arriskutsua da harreman batean, ez bazaio neurria hartzen. Maitemintzea eta zorakeriak egitea ongi dago, baina hogei urteko harreman batek horretan oinarritu behar duela pentsatzeak ez du zentzurik, ezinezkoa da. Beste modu batzuk aurkitu behar ditugu, aberatsagoak. Sedukzioak du hor garrantzia. Sedukzioaren bidez tentsio bat sortzen da bestearekin. Nola erabili erakutsiko dut.

Garai zaila datorrela diote. Aholku bat emango diguzu aurre egiteko?
Joera dionisiakoak dituen gizartea datorkigu, eta batzuk begibistakoak dira dagoeneko: lidergo karismatikoa dator, norberekoikeria gutxituko da, eta talde lanak garrantzia handiagoa hartuko du. Ez beldurtu, eta kontuz ibili depresioarekin. Nortasun gerlaria hartu behar dugu.

> Berria: Indarkeria > BI GIZON ATXILOTU DITUZTE GENERO INDARKERIA EGOTZITA

  • Bi gizon atxilotu dituzte genero indarkeria egotzita
  • Zenbait emakumek sexu erasoak izan dituztela eta, segurtasun neurriak handitu ditu Donostiako Udalak
  • Berria, 2009-02-17
Udaltzainek 30 urteko gizon bat atxilotu zuten larunbatean Galdakaon (Bizkaia), bikotekide ohia jo eta haren egungo mutil-lagunari heriotza mehatxuak egitea egotzita. 21:00ak aldera izan zuten gertaeraren berri, Gurutze Gorriak kudeatzen duen genero indarkeria jasaten duten emakumeentzako telefono zerbitzuan. Udaltzainak emakumearen etxera joan ziren, eta han bertan atxilotu zutenustezko erasotzailea. Ertzaintzaren esku geratu da kasua, eta gertatutakoa ikertzen ari da.

Donostian, bestalde, 22 urteko mutil bat atxilotu zuen igandean Ertzaintzak, ustez bikotekidea jotzeagatik. Bikotea bizi den etxebizitzan izan zen gertaera. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak azaldu duenez, gaztea etxera iritsi zenean bikotekidea jotzen hasi zen. Emakumeak, etxean zegoen beste pertsona baten laguntzaz, erasotzailearengandik ihes egitea lortu zuen. Gela batean egon zen ezkutatuta, etxetik irtetea lortu zuen arte. Handik erietxera joan zen.

Erietxean artatzen ari zirela izan zuten ertzainek gertaeraren berri, eta bertara joan ziren. Osasun azterketak amaitu, eta emakumeak salaketa jarri zuen mutil-lagunaren kontra. Ustezko erasotzailea handik ordu batzuetara atxilotu zuten, senide baten etxean.

Donostiako Udalaren neurriak
Azken hilabeteetan zenbait emakumek sexu erasoak izan dituztela eta, segurtasun neurriak handitzea erabaki du Donostiako Udalak. Hala iragarri zuen atzo Ainhoa Beolak, Donostiako Berdintasunerako zinegotziak.

Hala, herritarren segurtasunerako unitateak indartuko dituzte: 40 udaltzain gehiago jarriko dituzte. Gainera, udari begira 80 udaltzain gehiago kontratatuko dituzte. Ez dute baztertzen, gainera, segurtasun kamerak jartzea hiriko autobusetan eta zenbait lekutan; adibidez, Egiako pasabidean. «Erakundeok beharrezkoak diren neurria hartu behar ditugu emakumeen segurtasuna bermatzeko», adierazi du Beolak.

2009/02/13

> Berria: Homofobia > NESKEK ERRAZAGO ONARTZEN DUTE SEXUALITATEAREN ANIZTASUNA

  • Neskek errazago onartzen dute sexualitatearen aniztasuna
  • Gehitu-ren ikerketaren arabera, nerabeek ondo ikusten dute homosexualitatea, baina bestela jokatzen dute
  • Berria, 2009-02-13 # Ainara Arratibel • Donostia
Neskei errazagoa zaie sexualitatearen aniztasuna onartzea mutilei baino, Gehitu-k 14 eta 18 urte bitarteko ikasleen artean sexualitatearen aniztasunaren inguruan egindako ikerketa baten arabera. Gehitu-k kezka agertu du ikastetxeetan gertatzen ari diren jarrera homofoboengatik. Izan ere, galdekatutako ikasleen %83k aitortu dute eskola ez dela inguru ziurra gazte homosexual, lesbiana, transexual eta bisexualentzat. Horren aurrean neurriak hartzeko eskatu du. «Jarrera homofoboen aurrean dagoen pasibotasuna eta permisibitatea salatu nahi ditugu, batez ere. Etorkizunean hartu behar diren neurriei begira, oso kontuan hartzeko datua da portzentaje hori», diote Gehitu-ko Koldobide Mujikak eta Jesus Estonbak.

Galdeketa iazko ikasturtean egin zuten, Hitz egin dezagun homosexualitateaz heziketa programaren karietara. Guztira 323 ikasle galdekatu zituzten: 168 neska eta 155 mutil. Gehienak Donostiako ikastetxeetakoak dira. «Ikerketa mugatua da, baina orokortu egin daiteke. Izan ere, berezitasunak berezitasun, lurralde gehienetan antzeko emaitzak jasoko lirateke».

Estonbak nabarmendu duenez, ikerketan desberdintasunak ikusten dira neska eta mutilen erantzunetan. «Neskek jarrera irekiagoa dute, oro har. Mutilei gehiago kostatzen zaie sexualitatearen aniztasuna onartzea». Galdera gehienetan ikusi du jokabide hori.

Sexuen arteko alde hori agerian geratzen da ikaskide homosexualen aurrean izango luketen jarreraz galdetzen zaienean. Hala, ia neska gehienek ikaskide gay bat izatea onartuko lukete, baina mutilen %60k ez lukete ondo hartuko: %35 deseroso sentituko litzateke eta. %25, berriz, lekuz aldatuko litzateke.

Ikaskide lesbianen kasuan, mutilen jarreran eman da aldaketarik esanguratsuena, ikerketaren arabera. Izan ere, haien deserosotasuna nabarmen gutxitzen da. Hala, %6 baino ez lirateke lekuz aldatuko. Datu hori nesken datuen parekoa litzateke. Mutilen %8,39k ikaskide horrekin ligatzen saiatuko liratekeela aitortu dute».

Transexualen eta bisexualen kasuan, aurkako jarrerak areagotu egiten dira. Kasu horretan ere, kontrako jarrerak gehiago ematen dira mutilen artean nesken artean baino.

Antzeko zerbait gertatzen da sexu bereko bi pertsonen arteko maitasun jarrera ikusten dutenenean nola jokatzen duten galdetzen zaienean.

Kontraesana
Mujikaren eta Estonbaren ustez, ikerketak ere kontraesan bat utzi du agerian ikasleek pentsatzen eta egiten dutenaren artean. «Homosexualak, lesbianak, transexualak eta bisexualak onartzen dituztela diote. Baina jarrerei buruzko galderetan ikusten da nerabeek jokabide homofoboak dituztela». Hala, hamarretik ia bederatzi homosexualen kontrako mespretxu jarreren kontra ageri dira. %11k, ordea, halako jarrerak zuritzen edo babesten dituzte.

Galdekatutako ikasleen artean, lauk aitortu dute noizbait jipoiren bat jaso dutela, beren sexu nortasunagatik. Hamahiru izan dira, berriz, mehatxuren bat jaso dutela diotenak.

Gazte askok aitortu dute ekintza homofoboetan parte hartu izana. Atal horretan jaso dituzten datuen artean, Estonbak jipoiei lotutakoa nabarmendu du. Izan ere, ikasleen %4k aitortu dute noizbait jipoiren bat eman izana. «Kezkatzeko moduko datua da».

Ikasleen erdiek baino gehiagok diote ekintza homofoboen lekuko izan direla. %52k erasoak ikusi dituzte, eta %74k isekak eta irainak. «Oso datu esanguratsuak dira».

  • Zenbakia
  • %70. Bi gizonen arteko maitasun jarreren aurreko jokabidea. Gehitu-ren ikerketan parte hartu duten hamar ikasletik zazpik jarrera ona dute bi gizonen maitasun jokabideen aurrean. Kopurua antzekoa da bi emakumeen arteko maitasun jokabideen inguruan galdetuz gero.
  • %80. Guraso homosexualak dituzten ikasleekiko jarrera. Galdekatutako ikasleen %80k ondo hartuko luke haren ikaskide baten aita edo ama homosexuala izatea. Gehitu-ren ustez, horren arrazoia zera da: ikaskideen gurasoak homosexualak izateak ez diela eragiten.

2009/02/12

> Berria: Zinema > ERRENTERIA: EHGAMEN ESKUTIK, LES.GAY.TRANS ZINEMALDIA IZANGO DA HERRIAN

  • EHGAMen eskutik, Les.Gay.Trans Zinemaldia izango da herrian
  • Etzi eta etzidamu zortzi lan ikusteko aukera izango da Errenteria Hiria Kulturgunean; bi emanaldiak 19:30ean dira
  • Oarsoaldeko Hitza, 2009-02-12 # Urko Etxebeste
EHGAMek antolatuta, etzi eta etzidamu Les.Gay.Trans Zinemaldia izango da Errenteria-Oreretan. Bilbon urtarrilaren 30etik otsailaren 9ra egin zen Zinegoak-en jarraipena da zinemaldia, eta Donostiarekin batera tartekatu dituzte jarraipen honetako emanaldiak. Etziko eta etzidamuko saioak Errenteria-Hiria Kulturgunean izango dira, eta bi emanaldiak 19:30ean hasiko dira.

Denera, gayekin, lesbianekin edo transexualekin zerikusia duten zortzi lan aurkeztuko dituzte Errenteria-Oreretako Les.Gay.Trans Zinemaldian; hiru etzi, eta beste bostak igandean. Film laburrak dira gehienak, etziko Improvvisamente l'inverno scorso ezik, 58 minutuko lana delako. Zinemaldi honen antolaketa lana EHGAMena izan bada ere, Errenteriako Udalak laguntza eman du. Ondoko koadroan ikus daitezke bi egunetan emango dituzten sorkuntzak.

«Bazterketaren kontrako borroka»
EHGAMetik jakitera eman dute bi egunetan erakutsiko diren lanek jatorri eta ikuspuntu ezberdinak dituztela: «Zinemaren bidetik, bere jarrera sexualagatik baztertuak izaten direnen borrokak aurkeztu nahi ditugu», esan dute.

Era berean, herritarrei emanaldietara agertzeko eskatu diete, «aurreiritziak baztertzeko bidean».

  • Egitaraua
  • Otsailak 14, larunbata
  • 'Depois de tudo'. Brasil, 2008. Iraupena: 12 minutu; Zuzendaria: Rafael Saar; Sinopsia: Agure bikote batek (haietako bat ezkondua dago) isilpean elkar maite du. Izan ere, elkar maite dutenek elkarren ondoan egotea besterik ez dute nahi eta horretarako itxaron beharrak suposatzen duen esfortzuak pena merezi du.
  • 'El mueble de las fotos'. Espainia, 2008. Iraupena: bi minutu; Zuzendaria: Giovanni Macelli; Sinopsia: Gure egongelan dagoen argazkien altzaria nire familiaren erakusleihoa da. Denak daude bertan, ... izan ezik.
  • 'Improvvisamente l'inverno scorso'. Italia, 2008. Iraupena: 58 minutu; Zuzendariak: Gustav Hofer eta Luca Ragazzi; Sinopsia: Bapatean, joan den neguan Gustav-en eta Lucaren bizitza aldatu egin zen, Italiako Gobernuak sexu bereko bikoteei zenbait eskubide eskaintzen dizkien lege aurreproiektua aurkeztu zuenean, baina aldi berean, Italia osoan homofobia korronte orokor bat sortzen da.
  • Otsailak 15, igandea
  • 'Bajo mi mirada'. Euskal Herria, 2008. Iraupena: sei minutu; Zuzendaria: Ainara Torres; Sinopsia: Neska batek bere etxe aurreko zerbitzaria zelatatzen du. Beregana gerturatu eta interesa azaldu ondoren, zerbitzaria tabernatik aterako da bere mutil-lagunarekin, norbait begira duela sumatu gabe.
  • 'De compras con mi madre'. Euskal Herria, 2008. Iraupena: 18 minutu; Zuzendaria: Yolanda Martinez; Sinopsia: Sarak, bere ama aberatsarekin eta bitxiarekin eroskerak egitera joatea onartuko du, nahiz eta amak bere orientazio sexuala ez onartu.
  • 'La espinita'. Euskal Herria-Frantzia, 2008. Iraupena: zortzi minutu; Zuzendaria: Tania Arriaga; Sinopsia: Marije, osasun arazo larria duela jakin ondoren, bere lagun arrain-saltzailearengan babesa bilatzen saiatuko da.
  • 'La Yesi TV'. Euskal Herria, 2008. Iraupena: 22 minutu; Zuzendaria: Asier Irazabal; Sinopsia: 22 minutuko erokeria arrosa. Kanal tematiko batean du oinarri lan honek: prentsa arrosa, estetika klinikak eta ospearen menpe bizi diren pertsonaiak dira telebista katearen edukiak. Yessica da katearen gidaria.
  • 'Yo solo miro'. Espainia, 2008. Iraupena: 18 minutu; Zuzendaria: Gorka Cornejo; Sinopsia: Juliana eta Eduardo ezkonduta dagoen bikote arrunta da, itxuraz. Baina itxura horien atzean, pentsaezinezko egiak ezkutatzen dira eta elkarri dioten maitasuna horren gibelean.

2009/02/02

> Elkarrizketa: Ekaitz Garate > "KONSPIRAZIO LABORATEGIA ANTOLATU DUGU GURE GERTUKO ARTISTEN ARTEAN"

  • Ekaitz Garate, Bartzelonako Euskal Etxeko kultur programazioaren arduraduna: «Konspirazio Laborategia antolatu dugu gure gertuko artisten artean»
  • Bartzelonako Euskal Etxea biziki nabarmentzen ari da azkenaldian bere kultur programazioagatik
  • El Diario Vasco, 2009-02-02 # Felix Ibargutxi
Ekaitz Garate Ordizian jaio zen. orain 31 urte. Artearen Historia ikasteagatik Bartzelonara joan zen. Hango ikasketak bukatuta, Nafarroara joan zen piska baterako, baina segituan itzuli zen Kataluniako hiri handira, eta urte batzuk daramatza hango Euskal Etxean, euskara irakasle eta bertako kultur ekitaldien arduradun.

- Jorge Oteizaren jaiotzaren 101 urteak direla-eta 'Konspirazio Laborategia' sortu nahi duzue. Hori zertan da?
– Izen horrek badu bere ukitu oteiziarra, jakina. Ez da Oteizaren inguruko hitzaldi-sorta izango, ez. Nahi dugu BartzelonakoEuskal Etxearen inguruan biltzen den artista jendea erakarri eta bildu. Adibidez, hau izango da seguru asko artista horiei proposatuko dieguna: guk hartu Oteizaren olerki bat hartu eta eurek olerki horri buruzko lana egitea. Bakoitzak bere espresabidea erabiliko du: argazkilariak argazki bat egingo du, diseinatzaileak espazio bat diseinatuko... Ez da talde filooteiziarra izango, ez da Oteizaren zaleen bilgunea izango, baizik artea darabilten lagunen multzoa, bakoitza bere espresabidean esprimentatuko duena.

– Zenbat lagun bil litezke?
– Dozena bat, gutxi gorabehera.

– Nolakoa da zuen programazio kulturala?
– Urtean hiru ardatz ditugu: orain hasiko den zinemaldia, non Euskal Herrian egiten den zinea erakusten dugun, eta zuzendariak ekar-tzen ditugun hitz egiteko; horrez gain, euskal literaturaren inguruko zikloa; eta Euskal Herria Sona izeneko jaialdia, euskal musikari eskainia. Horrez gain, Mercé-ko festak datozenean, irailaen, programan sartzen gaituzte eta Euskal Herria ematen dugu ezagutzera. Eta Ostiralero programa ere izaten da; ostiralero kultur eskaintzaren bat egiten dugu.

– Beraz, laster Zinemaldia izango duzue.
– Eta aurten aldaketa handi bat eragin nahi dugu; erakustaile izatetik sustatzaile izatera pasa nahi dugu. Bideoa eta bertsolaritza uztartzeko saio bat, lehiaketa txiki bat, jarri nahi dugu martxan gure euskara ikasleen artean. Laburbertsometrai Lehiaketa ipini diogu izena.

– Zein izan da jende gehien erakarri duen ekitaldia?
– Azkenaldian, Napoka Iria-ren kontzertua. Izugarria izan zen.

– Ez dut ezagutzen.
– Eibar-Elgoibarko bikote bat da: Ander Mujika eta Miren Narbaiza. Formato akustikoan aritzen dira. Duela gutxi Ander Lipus etorri zi-tzaigun, Hala mintzatu zen Zappatustra emateko, eta nafarrerari buruz eman ziguten bi hitzalditara ere jendea asko etorri zen.

– Nolako jendea da zuen eskain-tza kulturalaz elikatzen dena?
– Bi eratakoak, bai Kataluniara joandako euskaldun jendea bai Katalunian jaiotakoak. Eta ez da gazte jendea bakarrik; lehen esan dizudan artista multzo hori ere askotarikoa da, bai adinez bai jatorriz.

– Historian zehar, Euskal Etxeei kutsu folklorista egotzi izan zaie. Baina nik uste dut zuen Euskal Etxe hau folklorismotik ihesi dabilela, nabarmen.
– Baditugu dantza-tailerrak eta dantza-erakustaldiak, baditugu trikitixa- eta pandero-tailerrak ere, eta txistulariak ere bai, baina badakigu oso zabala dela euskal kultura eta saiatzen gara ahalik eta zabalen erakusten zertan datzan.

– Harritzen naiz entzunda hor jendea joaten zaizuela trikitixa ikastera. Dena dela, kontuan izan behar da hor Katalunian ere badela soinu txikia.
– Adibidez, azkeneko santotomasak ospatu genituenean hemen, pandero-jotzaileak euskal jatorrikoak ziren, baina soinujolea hemengoa zen, katalana, eta EuskalEtxean ikasitakoa.

– Euskara klaseak ere badituzue, eta uste dut ehundik gora ikasle.
– Bai, aurten 150 ikasle ditugu eta azken urteotan goraka ari da ikasle kopurua. Kopuru polita da hori. Ekimen hori oso garrantzitsua da Euskal Etxearentzat. Badira ikasleak Euskal Herrian jaiotakoak, hona etorri eta euskara ikasteari ekin diotenak, eta badira Katalunian jaiotakoak, baina nola edo hala Euskal Herriarekin loturaren bat daukatenak.

– EGAraino irits daitezke beren ikasketetan?
– Bai. Iaz ezin ziren. orain bai, eta hamar bat ikasle ari dira EGA ateratzeko asmotan. Maila guztiak eskaintzen ari gara.

– Askotariko motibazioa izango dute euskara-ikasle horiek, pentsa-tzen dut.
– Bai. Gehienak EuskalHerrian jaiotakoak dira, edo euskal jatorrikoak, eta gehienek, agian, buelta-tzeko asmoa dute.

– Bartzelonako Euskal Etxea berezia al da, Madrilgoaren aldean?
– Hura ez dut gehiegi ezagutzen. Konparatzen zailak dira, bataren eta bestearen inguruak ere desberdinak direlako. Iaz barnetegia elkarrekin egin genuen, hori bai.

– Non izan zen barnetegi hori?
– Batzuk eta besteak Adunara joan ginen. Aste bat pasa genuen, eta Mallorcako ikasle bat ere azaldu zitzaigun.

– Jendeak, gehienbat, zer bilatzen du zuenean? Pintxoak? Euskal giroa? Kultura?
– Batzuk zuzenean euskara eta kulturaren bila datoz. Beste batzuk, sartzen dira pintxoak jateagatik edota sagardoa edateagatik eta, bat-batean hemengo euskal giroa deskubritzen du.

– Euskal Herritik Kataluniara doan jendeak katalana ikasten du?
– Bai, nahi gabe jartzen zara. Ikusten baituzu gizarteak eskatzen duela katalana.

  • Otsaileko ekitaldiak
  • Santa Ageda bezpera: Otsailaren 4an, bertso eta kantu-kalejira hiriko Parte Zaharrean.
  • Zinemaldia: Laugarren edizioa. Otsailaren 6tik 21era: Go!azen, El Somni, Oteiza Labirintoa, Nevando hoy, La buena nueva, Kimuak sortako film laburrak....
  • Sorginkeriak / Bruixeries: Carlos Rilova donostiar historialariaren hitzaldia, sorgin-epaiketei buruz. Otsailaren 19an
  • Sagardo Eguna: Otsailaren 28an.

2009/02/01

> Elkarrizketa: Imanol Alvarez > "EZ DA USTE BEZAIN GOGORRA EZKUTATUA BIZITZEA"


  • Imanol Alvarez: «Ez da uste bezain gogorra ezkutatua bizitzea»
  • Gehienok EHGAMetik ezagutzen dugu, baina pertsonen izaera hainbat gauzak osatzen dute, eta Imanol Alvarezek ere alderdi bat baino gehiago ditu.
  • Berria, 2009-02-01 # Onintza Enbeita
Armairuak, ateak, giltzak eta kateak arruntak izaten ei dira gehiengoaren aukeretatik urrun daudenentzat. Hala ere, beldurra galdu egin behar dela ikusten du Alvarezek. Sineskeretatik harago, bakoitzak den modukoa izateko eskubidea duelako.

Zure aurpegia oso ezaguna egiten zait...
Agian aurpegi arrunta dudalako.

Sexu aukerak ezagun egin gaitzake oraindik?
Batzuk ezagunagoak gara komunikabideetan-eta ateratzen garelako, baina berdin gertatzen da herri mugimendu anitzetako kideekin.

Baina zu irakaslea ere bazara, ez?
Irakaslea eta beste gauza asko! Pertsonon nortasuna alderdi ugarik osatzen dute; lana eta sexualitatea horietako bi baino ez dira.

Eta zelan ikusten duzu etorkizuna?
Ni, izatez, baikor samarra naiz, eta nahiago dut etorkizuna ona izango dela sinestea. Esparru politikoan ez dut ikusten aterabide garbirik, baina susmoa dut galdera egitean sexualitatea zeneukala buruan; hiru hamarkadatan izugarrizko aurrerapausoak eman ditugu, baina...

Ikasgeletan oraindik ere bada armairurik?
Nonahi. Jende gehienak oraindik beldurra dio sexualitatea askatasunez bizitzeari. Ez da uste bezain gogorra ezer ezkutatu gabe bizitzea, baina baietz ematen du, ingurukoek esaten dituzten astakeriak entzunda. Beldurra izaten diogu ezagutzen ez dugunari, eta homofobia ez da salbuespen. Fobiak bestelakoak hurbiletik ezagutzean joaten dira, baina, bestelakorik ezagutzeko, bestelakoren batek beldurra galdua behar du... Ikusten ze inportanta den lehen urratsa egitea?

Bai, baina nork dauka ateak irekitzeko giltza?
Nork bere baitan.

Ba omen da apaiz bat homosexualitatea sendatzen duena...
Barkatuko dit, baina telebista saio batean aurrez aurre izan nuenetik, argi dakit gizon hori ez dagoela burutik sano. Edozelan bere, erlijioak eta bizitza erreala ez dira izan inoiz lagun onak. Oraindik ere, hor dabiltza hainbat erlijio esanez Darwinen teoria faltsua dela eta bizidun guztiak jainkoak sortu gintuela.

Lumak egiten ote du inor ezer?
Egitekotan, lumadun edo egingo du, baina beste etiketa bat izango litzateke, eta nik ez ditut etiketak maite pertsonongan.

Neska-neska, mutil-neska, mutil-mutil. Hainbesterakoa ote da diferentzia?
Aldeak badaude, baina ez aldarrikatzen duten adina. Ezbaiak segitzen du: diferente egiten gaituena noraino da ikasia eta noraino genetikoa?

Erantzunik?
Nahiagotasun sexualetan inportantena pertsona da, ez andre edo gizon den. Aitortu behar dut, teorian, gizaki guztiok sexualitate plurala dugun arren, gehienetan nahiagotasun argi bat izatea da normala.

Nahiagotasuna?
Bai, orientabide deterministegia iruditzen zait, aukera irrealegia...

Aukera irrealegia?
Aukeratzeko orduan ezkutatzea ala ez ezkutatzea aukeratzen duzulako. Baina sentitzen duzuna ez duzu aukeratzen, sentitu egiten duzu.

Zuk irakaslea izanda, traumarik ikusi al diezu, aita bi edo ama bi dituztenei?
Aspaldian helduekin lan egin dut, baina dakidanaren arabera, arazoak izan diren gutxietan besteek etxeko lanik egin ez dutelako izan da.

Madrilen egin zuten manifestazio bat horrelako zerbait salatu nahian...
Horiek dira, hain zuzen, etxeko lanak egin nahi ez dituztenak, eta buztina eta saihets hezurraren tontakeriekin dabiltzanak.

Familia tradizionala aldarrikatu zuten, baina zein da hori?
Tradizioak aldatuz doaz. Gaur egun familia klase asko daude: ama bakarra, aita bakarra, seme-alabarik gabekoa, bi amena, bi aitena... hemendik hamarkada batzuetara, horiek guztiak izango dira tradizionalak.

«Nik errespetatzen ditut homosexualak», esaldi zuzena da?
Tonu paternalista izan ohi du. Gainera, denon sexualitatea potentzialki askotarikoa izanik, ez legoke, berez, homosexualik ezta heterosexualik ere.

Neska-mutilek errespetua galdu omen dute...
Neurri handian bai, baina oro har esanda.

Bullying-a erreala da, edo gauzak lekutik atera ditugu?
Beti egon da, baina lehen garrantzirik ez emateak ez du esan nahi orain eman behar ez diogunik.

Besteengandik desberdina izatea al da, halakoak jasateko arrazoia?
Bai. Kasu horietako askoren artean homofobia goiztiarra oso agerikoa izaten da.

Zer falta zaigu, benetan diogun bezain aurrerakoiak izateko?
Agian, lehenengo benetan hausnartu eta geureganatzea teorian alde gauden guztia.